Aurrera doa Errotxapeako Gaztetxearen aurkako prozesu judiziala

Martxoan zen egitekoa Errotxapeako Gaztetxearen aurkako epaiketa, baina bertan behera geratu zen alarma egoeraren ondorioz. Dena den, aurrera doa auzibidea, eta desalojo arriskuan jarraitzen du gaztetxeak. Bestalde, Errotxapean azken hilabeteetan "jarduera politikoa burutzeagatik jasandako errepresioa" salatu dute gaztetxeko kideek.
Argazki Nagusia
Argazkia: @ErrotxaGTX
2020ko irailaren 2a

Errotxapeako Gaztetxeko kideek abuztuaren hasieran jakinarazi zutenez, aurrera doa gaztetxearen aurkako prozesu judiziala. Izatez, martxoan egin behar zioten epaiketa, baina alarma egoera zela eta atzeratu zuten data. "Bizi izan dugun krisi honen aurretik, epaiketa geneukan, eta egoeragatik gelditu egin zen. Lasaitasun momentu hau ez da oso luzea izan eta 'normaltasun' berri honetan prozesuak aurrera jarraitzen duenaren berri izan dugu", adierazi zuten gaztetxeko kideek.

Espazioa une honetan itxita egon arren, martxan dira "udako zinema kritikoa" eta "autodefentsa gimnasioa". "Errepresio guztien gainetik, gure proiektuekin jarraituko dugu".

Errotxapeako Gaztetxeak iazko abuztuan egin zuen "erresistentzia martxan jartzeko deia", desalojo arriskuaren aurrean.

ERREPRESIOA ERROTXAPEAN

Bestalde, gaztetxeko kideek azken hilabeteetan Errotxapean (Iruñea, Nafarroa) "jarduera politikoa burutzeagatik jasandako errepresioa" salatu dute. Besteak beste, bederatzi pertsona identifikatu dituztela eta gazte bat komisaldegira eraman dutela diote, eta momentuz, sei isun heldu direla ere azaldu dute.