AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: ApuestasNOEgues
2020/02/03 13:21

Larunbat honetarako, otsailak 8, egun osoko egitaraua antolatu du Iruñerriko (Nafarroa) apustu etxeen kontrako plataformak. Mahai-inguru batekin hasiko dute eguna, 12:00etan Alde Zaharreko Plazaran. Apustu etxeen auzia lantzeko saioa izango da, eta gaia kokatzeko gakoak eman asmoz irekiko dute espazioa. Arratsaldean, aldiz, mobilizazioak egingo dituzte: lehenengo, zutabeak irtengo dira Iruñerriko auzo eta herri ezberdinetatik, eta Gaztelu plazan elkartuko dira guztiak 18:00etarako, manifestazio bateratua egiteko.

Hilabeteak borrokan

Iazko abendua hasieran jaio zen Iruñerriko apustu etxeen kontrako plataforma. Iruñerriko hainbat auzo eta herrietako eragileak batu ziren bertan; hala nola, Ermitagaña eta Mendebaldeko plataforma, Berriozarrekoa, Barañaingoa, Burlatakoa, edota Huartekoa. Tokian toki garatutako indarrak sendotzeko asmoa jarri zuten erdigunean, apustu etxeen aurkako mugimendua eskala handiagoan osatzeko.

Azken hilabeteetan plataforma ugari sortu dituzte Iruñerrian, apustu etxe berrien etengabeko zabaltzea dela-eta. Plataforma horiek tresna, hilabeteotan hamaika ekimen izan dira eskualdean; besteak beste, hitzaldiak, elkarretaratzeak zein manifestazioak. Esaterako, iragan larunbatean, otsailak 1, Ermitagaiña-Mendebaldea auzoetako bizilagunek elkarretaratzea egin zuten, eta urtarrilaren 18an, manifestazio jendetsua izan zen Berriozarren, bertako plataformaren eskutik.

Pauso berriak

Datorren larunbateko ekimenei begira, aste honetarako hainbat hitzaldi prestatu dituzte Iruñerria osoan, apustu etxeen problematika aztertzeko, plataforma bateratua aurkezteko, eta mobilizaziorako deia egiteko. Aurreko ostiralean, urtarrilak 31, batzar informatiboa egin zuten Huarten, eta aste honetan, hitzaldiak egongo dira:

  • Barañainen, asteazkenean, hilak 5, 19:00etan gaztetxean.
  • Nafarroako Unibertsitate Publikoan, asteazkenean, hilak 5, 12:00etan 04 gelan.
  • Burlatan, ostegunean, hilak 6, 18:00etan Axular elkartean.
  • Alde Zaharrean, ostegunean, hilak 6, 18:00etan Plazaran.