AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @StopApuestasBZ
2020/01/19 10:42

Atzo, hilak 18, Berriozarko (Nafarroa) kaleak hartu zituzten ehunka lagunek, Apustu etxerik ez lelopean. Berriozarko Apustu Etxeen Aurkako Plataformak egin zuen manifestaziorako deialdia, lokal berri baten irekiera salatzeko eta negozio horien aurkako aldarria lau haizetara zabaltzeko. Hala, atzo arratsaldean, Emaileen Plazan elkartu eta herriko kale nagusietan barrena protestan jardun zuten ehunka pertsonak; adierazi zuten apustu etxeak ez dituztela "ez Berriozarren, ez inon" nahi, eta "langileak are eta gehiago pobretzeko" guneak direla.

Herriko hamaika taldek eta eragilek egin dute bat plataformaren deialdiarekin. Besteak beste, mobilizazioari atxikimendua eman diote PAH Berriozarrek, Ikasle Abertzaleakek, Berriozarko Talde Antikapitalistak, Berriozarko Gazteek, Institutuko Mendialdea Guraso Elkarteak, Sahararen Aldeko Lagunek eta euskaltegiko irakasleek; sokatira taldeak, futbol taldeak, pilota eskolak eta Navarvoley Berriozar taldeak; edota Berriozarko gaiteroek, Intxaurdi elkarteak eta Zulo Alai elkarteak.

Ibilbidean zehar, herriko apustu etxe baten atarian bildu eta pankarta bat jarri zuten hainbat kidek. Zuen etekina ez dadila izan gure zorigaitza, ez zarete ongi etorriak zioen.

Bide luzea

Berriozarko Apustu Etxeen Aurkako Plataformak iazko abenduan eman zuen atzoko mobilizazioaren berri, prentsaurreko bidez. Hala, kideek azaldu zuten lokal berriaren irekierak kezkatuta ekin ziotela biltzeari eta antolatzeari, azaroan. Plataforma sortu eta, aurreneko ekimen modura, manifestaziora dei egin zuten herrian. Bi eginbehar nagusiri heldu diete, aurrerantzean ere bide egiteko: apustu etxeen problematikaren inguruko kontzientziatzea, eta negozio horien aurkako borroka.

Iruñerria osoan loratu dira apustu etxeen aurkako plataformak, baita haien arteko saretze, harreman eta elkarlana ere. Abenduan bertan aurkeztu zuten Iruñerriko apustu etxeen aurkako plataformen koordinadora.