AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/02/04 20:04

Iazko udan eta udazkenean genero problematikaren, hezkuntzaren nahiz teknologiaren inguruko formakuntza saioak egin ostean, Egiako Gazte Asanbladak (Donostia, Gipuzkoa) dinamika berria jarri du martxan. "Kontrol burgesa" landuko du orain, eta horrek "gizarte kapitalistan betetzen duen funtzioa zein den" hausnartuko du.

Dinamikaren aurkezpenean asanbladako kideek adierazi dutenez, azken urteetan ohiko bihurtu dira "bizimodu pobrearen adierazle diren prozesuak"; hala nola, "etxegabetzeak, kaleratzeak eta gazteen emantzipatzeko ezintasuna". COVID-19aren pandemiak prozesu horiek "areagotu" dituela azpimarratu dute.

Pandemia testuinguruan, "osasun-larrialdiari" aurre egin ahal izateko "erabakiak hartu" ordez, agintari politikoek "aterabide polizialaren" alde egin dutela seinalatu du Egiako Gazte Asanbladak, eta gehitu du "polizia-indarren eta errepresioaren normalizazioa" ekarri dituela horrek.

Hortaz, beharrezkotzat jo ditu "askatasun politikoen defentsa" egitea eta "antolakuntza politikoa bultzatzea", eta dei egin die Egiako gazteei dinamika berriaren barruan antolatutako jardueretan parte hartzera.