AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/11/15 17:21

Aste mugituak izan dira Donostiako (Gipuzkoa) Egia auzoan. Izan ere, Egiako Gazte Asanbladak eta Kaioa tabernak azaldu dutenez, hainbat "eraso" izan dira auzoan; besteak beste, "lapurretak, mehatxuak, bortizkeria...". Hainbat komertziotako langileek eta hainbat bizilagunek salatu dituzte gisa horretako gertakariak azken asteetan.

Egoera horren harira, baina, gertatutakoaren inguruko irakurketa arrazistak egin dituzte zenbait bizilagunek eta masa-komunikabide burgesek, El Diario Vasco egunkariak eta Telecinco telebista-kateak esaterako. "Erasoak baliatuz burgesiaren hedabideek zein bestelakoek sortutako diskurtso erreakzionario eta arrazistak gogor salatu nahi ditugu", esan dute Egiako Gazte Asanbladak eta Kaioa tabernak. 

Hala, "azken egunetako erasoak irmoki salatzeko nahiz sortu den diskurtso arrazista eta poliziala arbuiatzeko", protestara deitu dute biek, elkarlanean. Igande honetan izango da elkarretaratzea, 12:00etan, Blas de Otero plazan.

Erasoetatik harago

Auzoan azkenaldian izan diren erasoak "bizi dugun proletarizazio prozesuaren ondorio gisa" kokatu dituzte gazte asanbladak eta tabernak. "Pobretze eta bizitzaren garestitze orokor baten aurrean aurkitzen gara langileok: soldaten jaitsiera, laguntza publiko eza, argindarraren prezioaren gorakada, alokairu neurrigabeak (Donostian bereziki) eta abar luze bat. Langile klasea miseria gordinean bizitzera kondenatzen du gizarte kapitalistak, eta egoera horretan langileriaren kapa zaurgarrienek askotan delinkuentzia deitu ohi diren jarrera indibidualista eta espontaneoetara jotzen dute, Egian gertatu den bezala", azaldu dute: "Kapitalak sortzen duen miseria erraldoia da gertaera horien jatorria [...] baina burgesiak diskurtso arrazista zabaltzen du hori ezkutatzeko".

Bestalde, hainbat norbanako eta sektore kontrol sozialerako mekanismo gehiago eskatzen ari direla ere salatu dute Egiako Gazte Asanbladak eta Kaioak, eta horren bidez "aterabide polizial" bati bide egiten zaiola. Gehitu dute "kontrol sozialaren areagotzea eta poliziaren presentzia" ez direla "sekula" izango "arazo horren irtenbidea". "Komunikabideen diskurtsoa errazagoa da, baina arazoa ez konpontzeaz gain, kontrol soziala handitzeko eskatzeak burgesiari soilik egingo dio mesede, gero eta masa pobretu handiagoak kontrolatu beharko baititu errepresio bidez".

EZ DAGO IRUZKINIK