Iñaki Bilbao preso politikoak ospitalean jarraitzen du bigarren egunez

Atzo eraman zuten erietxera Iñaki Bilbao preso politikoa, gose eta egarri greba hasi eta zazpigarren egunean. 50 egunetik gorako gose eta komunikazio greba egin zuen aurretik.
Argazki Nagusia
Iñaki Bilbaoren aldeko kontzentrazioa Donostian. Argazkia: AAEAM
2020ko azaroaren 10a

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi zuenez, atzo, azaroak 9, ospitaleratu egin zuten Txikito, arnasteko arazo larriengatik. Erietxean jarraitzen du oraingoz, baina ez dago haren osasun-egoerari buruzko berririk.

Gose eta egarri grebaren zortzigarren eguna beteko luke gaur Iñaki Bilbao preso politikoak. Astelehenean abiatu zuen baraualdia, eta horren aurretik, 50 egunetik gora egin zituen gose eta komunikazio greban.

Mobilizazioak

Zenbait preso politikok elkartasun ekimenak jarri dituzte martxan espetxeetan. Itziar Morenok eta Alaitz Aramendik, adibidez, uko egin diote janariari gaur, azaroak 10, eta gose greba egingo dute bihar, azaroak 11. Jexux Mari Etxeberriak, aldiz, asteazkenero egingo du baraua. Bestalde, Lola Lopez "txapeoan" dago era mugagabean aurreko asteazkenetik.

Kaleetan ere Txikitori elkartasuna adierazteko mobilizazioak abian dira. Egunero egiten dituzte kontzentrazioak Donostian (Gipuzkoa), Mutrikun (Gipuzkoa), Etxarrin (Nafarroa), Altsasun (Nafarroa) nahiz Berriozarren (Nafarroa); astelehenero, asteazkenero eta ostiralero Bilbon (Bizkaia); asteartero eta ostegunero Basaurin (Bizkaia); ostegunero Deustun (Bizkaia) eta Trapagaranen (Bizkaia); eta ostiralero Elgoibarren (Gipuzkoa).

Hona hemen gaurko deialdiak:

  • Altsasuelkarretaratzea, 20:00etan.
  • Basauri: elkarretaratzea, 19:30ean Bentako plazan.
  • Berriozar: elkarretaratzea, 20:00etan Ezkabako ihesaren errotondan.
  • Bilbo: elkarretaratzea, 19:30ean epaitegietan (Jardines de Albia).
  • Donostia: elkarretaratzea, 19:00etan Bulebarrean.
  • Etxarri: elkarretaratzea, 19:15ean herriko plazan.
  • Mutriku: elkarretaratzea, 19:00etan errotondan.
  • Portugalete: elkarretaratzea, 19:30ean Carlos VII-ko metro geltokian.