Greba eguna izan dute gaur Osakidetzako garbitzaile azpikontratatuek

Hiru urte daramatzate lan-baldintzen hobetzea ahalbidetuko duen hitzarmen kolektibo bat negoziatzen. Langileei ezarritako gutxieneko zerbitzuak %100ekoak izan dira; hala ere, mobilizazioekin aurrera egitea lortu dute.
Argazki Nagusia
Argazkia: ESK
2021eko maiatzaren 27a

Grebara jo dute gaur Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko behargin azpikontratatuek, eta %100eko gutxieneko zerbitzuak inposatu dizkieten arren, aurrera egin dute elkarretaratzeekin eta informazio-puntu iraunkorrekin. Mobilizazioak Gipuzkoako eta Arabako ospitale guztietan izan dira; Bizkaian, berriz, Basurtoko Ospitalean bakarrik.

Lan-hitzarmen kolektiboa berritzea da langileen eskaera, haien lan-baldintzak hobetzearen berme gisa. "Hiru urte baino gehiago daramatzagu negoziazioekin, baina ez dugu aurrerapausorik ikusten", adierazi dute beharginek. Pandemia hasi zenetik ere etengabe eskatu dute lan-baldintzak hobetzea; izan ere, haien esanetan, egiten duten lana "funtsezkoa" dela aitortzen den arren, horrek ez ditu lan-baldintza "duinak" bermatu sektorean.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik