AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Atzoko agerraldia Berriozarren.
2019/12/19 21:01

Atzo, hilak 19, prentsaurrean agerraldia egin zuen Berriozarko Apustu Etxeen Kontrako Plataformak. Hala, mobilizazio bat iragarri zuten datorren urtarrilaren 18rako, 17:00etan, Berriozarko (Nafarroa) Emaileen Plazatik hasita. Apustu etxeei ez! lelopean egingo dute manifestazioa.

Plataformako kideek azaldu dutenez, azken urteetan gora egin du apustu etxeen kopuruak, eta Berriozar "ez da salbuespena izan". Bertan, aurki jarriko dute bigarren lokal bat martxan, eta horren harira ekin zioten antolakuntzari hainbat kidek: "Lokal berriaren irekieraren kezka oinarri, duela hilabete elkartzen hasi eta Berriozarko Apustu Etxeen Kontrako Plataforma eratu genuen". Pauso bat aurrera egin dute orain plataformakoek, manifestazio batera dei eginez.

Negozioa eta eragina

"Krisiaz geroztik" apustu etxeen kopuruan izan den gorakada seinalatzeaz gain, nabarmendu dute "auzo eta herri langileetan" hedatu direla; "negozio horren ondorioak nagusiki pairatzen dituen jendea bizi den tokietan, alegia". Apustu edota jokoen eragina "mendekotasunetik harago" doala dio plataformak: "Apustuen munduan murgildu, errealitatetik urrundu eta gure eguneroko arazoen aurrean sumiso eta axolagabe mantentzen gaitu".

"Sozializaziorako espazio bat" baino, "negozio bat" dela azpimarratu dute, non "bankak beti irabazten duen", eta zeinak "gure txirotzea eragiten duen". Negozio horien gainean "inolako kontrolik" ez dagoela eta "legearen babespean jokatzen" dutela ere salatu dute plataformako kideek, eta gogoan izan dituzte, esaterako, adingabeek apustu etxeetan izaten duten parte hartzea edota alkoholaren presentzia.

Kontzientziatzea eta borrokatzea

Lokal berrien irekiera galarazteko udal ordenantza onartu berri dute Berriozarren, eta neurriari babesa adierazi dioten arren, plataformako kideek azaldu dute ordenantzak ezingo duela "egungo egoera konpondu": "Lokal bat dugu jada, beste bat irekitzear, eta makinak hamaika tabernatan".

Hala, "antolatzea beste aukerarik" ez dutela diote Berriozarrekoek. Izan ere, legeak apustu etxe berriak irekitzea "arautu edo zaildu" badezake ere, plataformak iritzi du ezingo duela "ludopatiaren zabalpena" ekidin, ezta "gure txirotzea" ere. "Eta batez ere, ezingo du negozio horien itxiera lortu". Horregatik galdegin dute antolakuntza, eta bi zeregini jarri azpimarra: "auziaren gaineko kontzientziatzea" eta "negozio horien aurkako borroka". "Elkarrekin antolatu eta borrokatzen badugu, lortu dezakegu negozio horiek ixtea".

Elkarlana

Iragan astean, Iruñerriko apustu etxeen aurkako plataformen koordinadoraren jaiotzaren berri eman zuten. Bertan parte hartu dute Berriozarko Apustu Etxeen Kontrako Plataformako kideek ere. Koordinadorak, nagusiki, bi helburu izango ditu: auziaren inguruko kontzientziatzea bultzatzea, eta apustu etxeen desagertzea.

Uharte, Sanduzelai, Ermitagaña-Mendebaldea, Eguesibar, Berriozar, Txantrea, Errotxapea eta Donibaneko plataformek egin dute bat koordinadoran.