Laudioko Ikastolan Alexia plataformaren erabilera indargabetzea lortu du Aiaraldeko Ikasle Autodefentsa Sareak

Ikasturte honetan egindako borrokari esker, Alexia "kontrol mekanismoa" indargabetzea lortu dute Laudioko Ikastolako ikasleek. Aurtengo borrokaren bilakaera zein balorazioa azaldu dituzte, garaipenaren jatorrian ikasleen "auto-antolaketa" dagoela nabarmenduz. Ikasle Autodefentsa Sareen borroka "bestelako borroka esparruekin harremantzeko" beharra ere azaleratu dute.
Argazki Nagusia
Argazkia: AIAS
2019ko ekainaren 24a

Aiaraldeko Ikasle Autodefentsa Sareko kideek badute zer ospatua. Laudioko (Araba) Ikastolan aurreko ikasturtean martxan jarri zuten Alexia plataformaren aurkako borroka, eta argitaratu berri duten komunikatuak azaltzen duenez, indargabetzea lortu dute. Ikasleei subjektu izaera ukatzen dien "kontrol mekanismo" modura definitu dute plataforma, ikasleek guraso eta irakasleen artean duen bitartekaritza funtzioa kentzeko eta "objektu soil" bihurtzeko helburua duena. Kontrolaz gain, beldurra eta "auto-errepresio" funtzioak betetzen dituela azaldu dute, "ikasleen interesen aurkako erasoa" dela argudiatuta.

Hamaika pauso

Ikasturte honetan egin duten borrokaren bilakaera azaldu dute AIASeko kideek. Hasieran zuzendaritzarekin biltzeko saiakerak egin zituztela diote, baina ez zuten erantzunik jaso. Hala, gaia lantzeko kanpainak egin zituzten. Bereziki urtarriletik aurrera egindako borrokek "zuzendaritzaren jarrera" aldatzea ekarri zutela iritzi dute, elkarretaratzeak, paroak eta mobilizazioak izan baitziren. Pixkanaka, Alexia erabiltzeari utzi zioten ikasleek, plataforma "indargabetzea" lortuz.

Borrokak emandako fruituak garaipen modura ulertuta, AIASeko kideek gogorarazi dute ikasleek egunerokoan jasaten dituzten erasoen aurrean "auto-antolatzen" jarraitu behar dutela, eta autodefentsa sareak horretarako bitarteko "eraginkorra" direla adierazi dute. Zentzu horretan, eskerrak eman dizkiete Alexiaren aurkako borrokan euren ondoan izan direnei, eta gainontzeko borroka eremuenganako "elkartasuna antolatzen" jarraitzeko dei egin dute.