Alarma egoeraren harira, lan baldintzen inguruko informazio kanpaina abiatu du Iruñerriko Langileen Autodefentsa Sareak

Informazio kanpainaren helburua da langileek informazio erabilgarria izatea, salbuespen egoeran haien lanpostuetan etengabe jasaten ari diren erasoei aurre egin ahal izateko. Derrigorrezko oporraldien, erregulazio txostenen edota kaleratzeen inguruko informazioa sareratu dute, besteak beste. "Konfiantzazko lankideekin solasteko eta estrategia amankomun bat proposatzeko" deia egin diete beharginei LASeko kideek, baita haiekin "harremanetan jartzeko eta antolatzeko" deia ere.
Argazki Nagusia
2020ko martxoaren 23a

Indarrean jarraitzen du salbuespen egoerak, baita horren eraginez hamaika sektoretan eta lanpostutan ezarritako salbuespen neurriek ere. Hala, lan baldintzen inguruko informazio kanpaina jarri du martxan Iruñerriko (Nafarroa) Langileen Autodefentsa Sareak, langileek informazio erabilgarria izan dezaten alarma egoeran behin eta berriro errepikatzen ari diren egoerei eta erasoei aurre egiteko.

Betetzen ez diren higiene-baldintzak, derrigorrezko oporraldiak, erregulazio txostenak edota kaleratzeak izan dituzte hizpide LASeko kideek, eraso horietako bakoitzari kontra egin ahal izateko informazioa eskainiz. "Konfiantzazko lankideekin solasteko eta estrategia amankomun bat proposatzeko" deia egin diete beharginei, baita "LASekin harremanetan jartzeko eta antolatzeko" deia ere.

Honako komunikazio bideak jarri dituzte erabilgarri: 644 306 441 telefono zenbakia, kontaktua@langileautodefentsa.net e-mail helbidea, edota Instagram (@autodefentsare), Facebook (@autodefentsare) eta Twitter (@autodefentsare) sare sozialak.

GEDAR LANGILE KAZETAk Iruñerriko Langileen Autodefentsa Sareko kideei ARTEKAren lehen zenbakian egindako elkarrizketa irakurtzeko, egin klik hemen