Autodefentsa proletariorako bide-orria marrazten

ARTEKA HILABETEKARIA | 2019ak Autodefentsa Sareen ernaltze oparoa ekarri du. Ikastetxe askotan ikasle langileen aldarrikapenak borrokatzeko Ikasle Autodefentsa Sareak sortu dituzte. Hiri, herri eta eskualde desberdinetan, berriz, Langile Autodefentsa Sareen jaiotza bizi izan dugu. Azken horien artean ditugu Bergarako Lubaki Elkartasun Sarea, Bilboko Langile Autodefentsa Sarea, Durangaldeko Beharginon Autodefentsa Sarea eta Goierriko Bategin Autodefentsa Laboralerako Sarea, besteak beste. Izen desberdinak baina helburu berdina: proletalgoaren bizi baldintzen hobekuntza, proletalgoaren antolakuntza independentearen bitartez, haren gaineko kanpo bitartekaritza politikoaren eta erresistentzia borroken paradigmaren agorpena bizi dugun garaiotan.
Argazki Nagusia
2020ko martxoaren 20a

Ekinbide horretan hamaika dira abian jarritako borroka zehatzak; denak proletalgoa garaipenetan hezteko beharrak ardaztuta. Helburu abstraktuetatik urrun, Autodefentsa Sareek borroka gradualak planteatu dituzte, emaitza positibo ugarirekin, proletalgoaren antolakuntza tresna eraginkorra dela erakutsiz.

Euskal Herrian Iruñerriko (Nafarroa) Langile Autodefentsa Sarea (RAL-LAS) proletalgoaren antolakuntza sindikal autonomoan aitzindaria dela esan dezakegu. Haiekin egon gara, orain arteko ibilbideaz eta Autodefentsa Sarearen kontzeptuaz hausnartzeko.


Azken urtean autodefentsa sare izena hartu duten langileen antolakuntza formen sorrera bizi izan dugu. Euskal Herrian RAL-LAS sare horien artean aitzindaria dela esan dezakegu. Zeintzuk izan dira modu horretan antolatzera eraman zaituzteten faktoreak? Ba al zenuten beste autodefentsa sare batzuen esperientziaren berri?

Lan munduan bizi dugun egoera berregokitzen ari da egungo testuinguruan. Horren ondorioz, ezegonkortasuna eta behin-behinekotasuna hazi egin dira: egun batean enpresa jakin batean lan egiten dugu eta, hortik sei hilabetera, beste lan bat bilatzeko beharrean gaude edo lekualdatuak gara; gero eta zailtasun nabarmenagoak ditugu lan kontratu mugagabeak topatzeko eta aurkitzekotan ere, ez dago aurrera jarraitzeko berme nahikorik. Horren eraginez, zatiketa eta lehiakortasuna hazi egin dira. Horrelako egoera batean bereziki zaila suertatzen da modu eraginkorrean sindikatzea, horrek denbora jakin bat eta langilen kopuru handi bat exijitzen baititu.

Hori gutxi balitz, belaunaldi gazteenen borrokarako tradizioa galduz doa, soldatapeko lanaren esparruari dagokionean behintzat. Horregatik diogu gazteok lan indarraren debaluazioan funtzio garrantzitsua betetzen dugula, aldaketa horien aurrean gero eta erresistentzia gutxiagorekin erantzuten baitugu. Gazteez gain, industria sektoreko erreserbako armada aipatu beharko genuke, krisi garaietan biderkatzen denez, jada lanean daudenei presio gehigarria ezartzen diona ("beti egongo da zuk egin nahi ez duzun lan hori hartzeko prest dagoen beste norbait"). Horrek guztiak, langile klase guztiaren egoeraren endekapena eragiten du.

Jada adierazi bezala, gure ibilbidearekin hasi ginen garaietan, gazte mugimenduak ere (orokorrean beste hainbat mugimendu sozialek egin bezala) dinamika horiek erreproduzitzen zituen. Milaka borroka fronte irekitzen ziren baina horietako bat ere ez zegokion lan esparruari. Kasurik hoberenean, Maiatzaren 1aren inguruko kanpaina puntualak egiten ziren, sekula agit-propa gainditzen ez zutenak. Esan genezake, beraz, antikapitalismoa klase politika bezala baino, kontsigna bezala erabiltzen zela; etsai sasi abstraktuak identifikatuz (multinazional handiak) eta subjektuari (etsai jakin horren aurkariari) garrantzi gutxi emanez. Horren ondorioz, egunerokotasuneko hainbat gatazka baztertuta geratzea ohikoa zen. Giro hartan, hasiera batean, gu geu ere hitzaldien eta kanpainen dinamika aktibistetan erori ginen. Baina laster ohartu ginen langile klasearen sektore kolpatuenen zerbitzura egon zitekeen tresna bat sortzearen beharraz. Izan ere, gutariko asko soldatapeko merkatuan ari ginen sartzen eta egiazko kezkak genituen.

Gurea ez da ez lehen Autodefentsa Sarea. Hasi ginenerako baziren Espainiako Estatuan beste hainbat sare; Gracia-ko Sindicat de Barri, Pobla Sec-ekoa (orain etxebizitzaren problematikan zentratzen dena), Carabancheleko ADELA, Hortalezako Sindicato de Barrio etab. Esperientzia horiek guztiak oso baliagarriak izan ziren gure sarearen forma erabakitzerako orduan. Sare horien gehiengoak etxebizitzaren problematikari aurre egin nahi diotela egia izan arren, guk auzi soziolaboralean zentratzea erabaki genuen. Gauzak horrela, gure burua Iruñeko hainbat eragile sozialen aurrean aurkeztu eta 2016ko azaroan hasi genuen gure ibilbidea.


Ikusi dugu azken hilabeteetan garaipen desberdinak jakinarazi dituzuela. Zein da horietatik atera duzuen irakaspena? Zein borroka motaz arduratzen da LAS?

Gure jardunean, gatazka batetik bestera errepikatzen ziren zenbait gai behatu ahal izan ditugu, baina baita guztiz gai berriak ere. Orokorrean, atomizazio egoera baten aurrean aurkitzen ginen eta langileak modu indibidualean (euren artean antolatu gabe) etorri ohi ziren sarera. Salbuespenak ere badira, noski: gatazka batzuk hasieratik izan dira kolektiboak.

Normalean, jasotzen ditugun kasuak lan egiteko oso zailak diren enpresetan ematen dira. Hala ere, guk beti azpimarratu dugu borroka bat aurrera eramateko lankideen arteko babesa behar-beharrezkoa dela. Erantzunak kolektiboa izan behar du, baita horretarako lantegitik kanpoko babesa antolatu behar bada ere. Baina luzera begira ez dago lasterbiderik; gure bizi baldintzak babesteko antolakuntza forma garatzea ez da prozesu gozagarria eta ezingo da bide errazetik konpondu. Ezin dugu lantokian antolatzeaz ahaztu.

Horren harira, Baztan eta Sotiko Aitona tabernen gatazkak izan dira langile antolatu gehien batu dituztenak. Gainera, euren artean antolatu ostean jo zuten sarera; bere gaitasunak langile auto-antolatuen zerbitzura jartzen dituen agertoki mota hau da sarearentzat ideala dena. Hala, etorkizunera begira, mota horretako auto-antolakuntza saiakerak bultzatzen jarraitu behar dugula deritzogu.

Gatazkak izan ditugun enpresa gehienak tamaina txikikoak izanik, nagusiek, bertan lanean jarraitzen zuten langileekiko etsaitasun-giro bat sorraraziz erantzun izan dute (Koi Sushiren gatazkaren kasuan bezala). Presio hori jasatea oso zaila da, langileak errudun sentiarazten edota xantaia emozionala erabiltzen ahalegintzen baitira nagusiak; kasu batzuetan, gatazka bati konponbidea emateko erabili dituzten metodoak ezegokiak direla ere leporatzen diete langileei. Horrek, finean, zera esan nahi du: aldarrikapenak posizio ahul batetik ez ezik, modu antolatuan egin dituztela. Horregatik, gure ustez, babesa prozesuaren parte oso garrantzitsua da. Langileen aurkako salaketarik egonez gero, aldarrikapenak salaketa horiek kentzera ere bideratzen dira.

Gainera, gu antolatzen bagara, nagusiak ere antolatu egiten dira. Horiek ere, kontra-presioa egiteko erabili dezaketen oinarri sozial minimo bat dute (bezeroen parte bat, lagunak etab.), kasuan kasu ezberdin joka dezakeena: mehatxuak eginez, difamatuz zein bestelako mekanismoak erabiliz edo enpresaburuaren bertsioari pisua emanez eta gatazkaren eskaerei zilegitasuna kenduz, langileen egoera emozionala kolokan jarriz... Jarrera horiek guztiak, enpresaburuak gurekin edozer egin dezakeen ustearen edo inpunitate sentsazioaren ondorio dira. Gure presioa areagotzearekin batera, sentsazio hori ere higatzen joan ohi da.

Honek irakatsi digu enpresari txiki ona eta enpresari handi txarra aurkaritzan jartzen dituen mitoari maskara kendu behar zaiola, are gehiago “auzo” etiketaren atzean ezkutatzen denean... Langileon perspektibatik, enpresaburuek beti defendatuko dituzte beren interesak. Enpresaburu txikiari dagokionean, lehiakortasunak ito egiten du eta bere posizioa mantendu ahal izateko neurriak langileen lepotik hartu behar ditu: diru gutxiagoren truke lan gehiago egitea neurri ohikoena bada ere, erabiltzen diren praktiken abanikoa oso zabala da. Horregatik, maila kulturalean behintzat, kontraesan horiek mahaigaineratzen laguntzen dugula esan dezakegu eta garaipen txikiak lortzetik bada ere, gure arazoei aurre egiteko kolektiboan antolatzea eraginkorra dela erakutsi dugu. Hala, zenbaitetan nagusiek aldarrikapenak onartu izan dituzte gatazka ireki batera heldu aurretik, Ronqueo tabernaren kasuan gertatu bezala.

Legalitateari dagokionean, inongo bermerik ez digula ematen ikasi dugu: gainean ez bagaude, ez da betetzen. Lan hitzarmenak, adibidez, ezerezean gelditu ohi dira. Horregatik, langile klasearen indar antolatuarekin defendatu behar ditugu gure interesak, autodefentsa kolektiboa, elkar babesa eta klase elkartasuna oinarri dituzten praktiken bitartez.

Modu berean, aholkularitza zerbitzuak lege-hauste horien konplize zuzenak dira eta egoera konkretuen arduradun nagusi bilakatzen dira, enpresaburuek euren gain uzten baitituzte “paper kontuak”. Gatazka aurrera doan neurrian, arreta desbideratzen ahalegintzen dira, sarearen eta langile antolatuen arteko lotura hausten saiatuz. Motzean esanda, ez gaituzte bitartekari gisa aitortzen. Hala ere, presioaren bitartez, egoeraren kontrola hartzeko eta negoziaketetan indar posizio batetik parte hartzeko gai izan gara, beti ere, aldarrikapenak osotasunean bete daitezen bermatzea lortu dugularik (orain arte modu eraginkorrean). Agerikoa denez, ez dugu ezer langileen bizkarrera negoziatzen. Erabakiak euren esku daude.


Zein da zuen ustez garaipen horien gakoa? Nola antolatzen zarete eraginkorrak izateko?

Gatazka horiei aurre egiteko gakoa tentsio gorakorreko estrategia da. Horrek ahalegin jakin bat exijitzen du: gatazka bat abiatu aurretik jokoan sar daitezkeen faktoreak irakurtzen jakitea ezinbestekoa da (hots, gatazkaren irabazgarritasuna neurtzea). Esate baterako: zenbat iraun dezakeen, zein gaitasun dugun iraupen horretan presioa egiteko, gatazka denboran iraunarazi dezakegun, zein erresistentzia jartzen duten nagusiek edota denboran zehar presioaren intentsitatea igo dezakegun. Puntu horien arteko oreka gakoa da abiapuntu bat finkatzeko eta gatazka nahi dugun tokira bideratzeko: nagusiek eskaerak onartzea euren praktikekin jarraitzea baino mesedegarriagoa zaielako.

Horrekin jarraituz, ezuste faktorea ere garrantzitsua da; enpresaburuek ondoren etor daitekeena ezin aurreikusi izatea. Horretarako sormena erabili behar dugu eta protesta forma ohikoetatik aldendu ere bai. Izan ere, langileen parte hartzea berebizikoa da prozesu honetan, eurek gudu-zelaia inork baino hobeto ezagutzen baitute: nagusien puntu ahulak, enpresaren funtzionamendua, bezeroak etab. Gure helburua ez da langileak ordezkatzea, beraiek dira prozesu guztian zehar modu aktiboan parte hartu eta guztiz inplikatzen direnak.

Langileekin dugun harremanari dagokionean, konfiantza espazioak eratzearen beharraz ohartu gara, dena ez baita pikete, kartel eta datozen urratsen plangintzetara mugatzen. Langileak ahultasun posizio batean aurkitu ohi dira, izan arlo psikologikoan (adibidez, nagusien presioa dela eta) edota euren baldintza materialek sortutako ezinegonagatik (ordaindu beharreko alokairuak, zaindu beharreko umeak, edota aurrera jarraitzeko beharrezkoa zaien diru iturriaren gabeziak). Bide horretan, oso garrantzitsua bilakatzen da gatazkak iraun bitartean babesa eskaintzea, konfrontazioak zalantzak eta ziurgabetasunak sorrarazten baititu. Berriz diogu gatazkei modu kolektiboan aurre egin behar zaiela eta, noizean behin, atseden hartzeko edo gure galga partekatzeko beharra dugun pertsonak garela ulertu behar dugula. Azken finean, oso itxaropentsua da lehendik ezagutzen ez zenituen pertsonak zu babesteko inplikatuta daudela eta prozesuan zehar aldatzen doazela ikustea.

Azkenik, presioa eragiterako orduan lagungarria da espazio geografiko jakin bat (hau da, auzoa) erreferentzia gisa hartzea. Modu horretan, beste pertsonen, auzokideen, lagunen zein kolektiboen inplikazioa lortzen dugu. Enpresaburuen aurka ekiteko euskarri ezinbestekoak dira.


Aipatutakoaren bidetik, antolakuntza forma desberdinek aldarrikatu ohi dute haien funtzio sindikala. Alde batetik sindikatu tradizionalak daude, baina baita protestarako antolatzen diren eragile sindikalak ere, sindikatu tradizionalek aldarrikatzen duten sindikalismo "sozialaren" adierazpen izan daitezkeenak. Zein da LASen eta horien guztien arteko desberdintasuna? Sindikalismo "sozial" hori benetan berria da? Sindikalismo gisa ezaugarritu daiteke?

Langileen Autodefentsarako Sareak, egiaz, ez dira formula berriak; langile autodefentsaren oinarrizko molde historikoen bertsio berrituak baino ez dira. Langile klasea eta bere borroka moldeak berregituratzen ari diren garaiotan azaleratu dira eta elkar laguntza eta klase elkartasuna berreskuratzen dituzte, gure baldintza materialak defendatzeko tresna modura. Sektorializaziotik ihes egin asmoz, klase batasuna oinarri duten erreminta integralak eraikitzeko dagoen borondatea ere ez da berria. Izan ere, estatuak lan indarraren erreprodukzio funtzioetako batzuk bere gain hartu aurretik, langile mugimenduak mota guztietako jarduerak gauzatzen zituen sindikatu barnetik, lan arlotik harago (eskolak, ateneoak, gaixotasun aseguruak, kontsumo kooperatibak, erresistentzia kutxak, etxebizitzaren baitako borrokak etab.) zihoazenak; horiek ere gure aurrekariak dira.

Esan genezake, hasi ginenean, sektore desberdin batengana zuzentzen ginela, sarea jaio zenean behintzat. Oro har, Sarera datozen lagunek lan baldintza oso prekarioak dituzte (nahiz eta adin, genero eta jatorri guztietakoak diren) eta, era berean, ez dute beren egoerari erantzuteko tresnarik eskura. Sindikatuen jardunbide tradizionala ez da sektore horietara iristen, edo ez dute ordezkaritzarik sektore horietan. Beraz, beste bide batzuetara jotzen dute. Aldi berean, bizi duten egoerak zaildu egiten die bidea, ezintasun handiagoak dituztelako antolatzen hasteko, aurretik esandako arrazoi guztiengatik. Horrexegatik saiatu behar dugu atomizazioa eta zatiketa indargabetzen.

Esan dugun moduan, sarearengana jotzen duen langileria sektore heterogeneoz osatuta dago, denoi burura datorkigun gazte prekarioaren profil tipikoaz harago. Horren erakusgarri da guk erantzundako kasuek askotariko protagonistak izan dituztela: migratzaileak, legearekin zailtasunak dituztenak edo legeak zuzenean baztertuak, beren lan egoeren normalizazio kulturalari desafio egiten dioten gazteak edota asanbladetara seme-alabekin etorri diren emakumeak, lan karga handiagoa dutenak lanaren banaketa sexuala medio, eta ondorioz beren gain betebehar erreproduktibo gehiago dituztenak. Jarrai genezake profil desberdinei buruz hizketan, baina helarazi nahi duguna da desberdintasun eta zatiketa horien guztien aurrean (adibidez langile finkoen eta aldi baterakoen arteko zatiketa), elkarrekin antolatzen jarraitu behar dugula interes komunak defendatzeko.

Hasiera batean eta modu intuitiboan sindikatu tradizionaletatik ezberdintzen gintuena, beraiek iristen ez ziren lekuetan zegoen hutsunea betetzea zela esaten bagenuen ere, hori gainditutzat eman dezakegu jada. Sindikatu handiek, CGT frantziarrak kasu, federazio sektorialekin paraleloan euren lurralde egiturak antolatu dituzte dagoeneko, mugikortasun handiena eta lurraldearekin lotura gutxien duten langile prekarioak barne-biltzeko. Gertuagoko adibidea da esaterako LABena, Iruñerriko Piztu Alarmaren sorrerarekin, edo berriki Nafarroako CCOOren gazte sekzioak kaleko ekintza soziala berriro abiatu izana.

Hori dela medio, ezberdintasunak ezin ditugu lan esparruan aurkitu, ezpada motibazio politikoetan eta planteamenduetan beraietan, bai formari zein edukiari dagokienean. Azken batean, sindikalismo tradizionala ere ohartzen da zenbait eremutan duen eragin galeraz. Horretarako, kasuan kasu erreminta berriak sortzen ditu profil horien beharrei erantzunez bere estrategiara bil daitezen, hau da, Kapitalaren eta Lanaren arteko bitartekari gisa bere burua indartu asmoz. Hori guztiz logikoa da bere partetik. Profesionalizaziorako, legalismorako zein delegatzerako joera, langileak ordezkatzeko joerarekin batera, aurreko eredu sindikaletik bertatik deduzitu daiteke. Laburbilduz, iniziatiba horiek ordezkaritza eta kapital politikoa lortzeko helburua dutela ulertzen dugu, proletalgo berri horren instrumentalizazioa baliatuz; prezeski, antolakuntza eta politika terminoetan bere autonomia eta protagonismoa ukatuz. Nolabait esatearren, sindikatu tradizionalek eta guk antzerako eremuetan dihardugu; baina itxura batean berdinak diruditen arren, benetan antzik ez duten metodoekin egiten dugu borroka eta kontrakotasunean aurkitzen diren helburuek gidatuta.

Horren aurrean, gu sektore proletarizatu horien autoantolakuntzarako erreminta baliagarria izaten saiatzen gara, borrokan bertan sortzen diren erlazioak lehenetsiz eta, modu horretan, oso garrantzitsuak diren aldarri zehatzetatik harago joanez. Horregatik, alde batetik kaltetuen protagonismoan eta gatazkak lantokiaren eremu itxitik harago sozializatzean tematzen gara, sarearen indarra modu progresiboan hedatuz.

Funtzionamenduaren arlora itzuliz: ez dugu afiliazio bidezko egitura izan nahi. Ez dugu dena eginda ematen dutenak eta norberaren arazoak konpontzeko ordezkapenaz baliatzen direnak izan nahi. Hain zuzen, ez dugu borrokaren abiada baretu nahi eta horretarako tresnak eskaintzen dizkiogu langile klaseari, bere interesak zuzenean berak defenda ditzan. Legalismoan ere ez dugu erori nahi, gure bizi baldintzetarako gero eta mugatuagoa den bermea baita; izan ere, indarra desjabetzen digu eta epe ertainera babesgabe uzten gaitu.

Sektore horientzat beren lantokian antolatzeko dituzten zailtasunak ahultasun bat dira. Ikusten dugunez, lantokietan antolatzea da gakoa. Baina zailtasun horiek, era berean, beste modu batzuetan antolatzera behartu gaituzte: gure kasuan, auzoa antolakuntza-eremu bihurtzera. Auzoa sozializazio-esparru naturala da gure testuinguruan eta gainera lan kontuez aparteko beste gai batzuk artikulatzea ahalbidetzen digu: gatazkak sozializatzean, gatazken inguruko ikuspegi estruktural bat erakusteko balio du.

Horrek, halaber, lagundu egiten digu hain hedatuta dagoen klasearen ikuspegi murriztailea baztertzen: soldatapeko langileak biltzen dituen subjektua gara eta lan esparruan dauden baldintza materialak defendatzea dagokigu, ados. Baina ez ditugu horiek bakarrik biltzen, gure bizitzako beste esfera askotako beharrek ere batzen gaituztelako. Esaterako, soldata igoera bat baliogabea da alokairua igotzen badigute. Edo dirua kobratzeari uzten badiogu, arazoak izango ditugu alokairua, janaria, ura edo elektrizitatea ordaintzeko. Are gehiago, paperik ez badugu, arazoak izango ditugu lan egiteko edo patronalaren jazarpena salatzeko. Beste adibide bat ematearren, senar kontrolatzaile bat izateak nekez uzten du gainerako arazoei erantzuteko antolatzen, edo berdin seme-alabak ardurapean izateak.

Ikuspegi horiek guztiek erakusten digute langile klasearen baldintza materialak kontuan hartu beharreko aldagai ugariren mende daudela. Norabide horretan ari gara arraunean, elkartasun harremanak eta elkar laguntza sustatuz hainbat alorretan. Aukera hau aprobetxatu nahi dugu Gasteizen jaio berri den Etxebizitza Sindikatua agurtzeko, gure tankerako filosofia baitute.


Sarri entzun izan dugu sindikalismoak "fordismo" gisara izendatu den kapitalismoaren fase historikoarekin batera agortu zuela bere funtzio historikoa langile klasearen garapenean. Baita, horren ondorio gisa, proletalgoaren borroka sindikala antolatzea ez dela komunisten zeregina ere, antolakunde politiko iraultzailea sortzea baizik. Horrela dela uste duzue? Hau da, proletalgoaren antolakunde sindikala eta alderdi politikoaren garapenaren artean inongo erlaziorik ez dagoela uste duzue? Zein funtzio betetzen du LASek proletalgoaren antolakuntza politikoaren garapenean?

Hasteko, LAS moduan ez dugu gaitasunik auzi horri sakon erantzuteko. Hain justu, oso erreminta zabala gara, nagusiki jardun praktikoa duena eta auzi horretarako behar den homogeneotasunik zein garapen ideologiko nahikorik ez duena.

LAS sortzera eraman gintuzten intuizio politikoez hitz egin dezakegu ordea. Batetik, ikusi genuen sindikatuek ospea galdu bazuten, ez zela kontu kulturalengatik bakarrik gertatu, errealitate batengatik baizik: kontua da, sektore proletarizatu askori arrotza zitzaiela sindikalismoa, ez zutelako lehen eskutik ezagutu beren lantokietan eta sektore jakinetara mugatzen zelako, normalean proletalgoaren gain hain zuzen. Arteka hori are agerikoagoa zen belaunaldien artean. Horren aurrean, ulertu genuen politikoki aukera ireki baten aurrean geundela sektore proletario umezurtz horiek antolakuntza mailan protagonismoa lor genezan eta geure errealitateetara egokitutako borroka formak abiaraz genitzan, betiere borrokaren beraren bitartez sortzen diren harremanei arreta jarrita.

Horrenbestez, bagenuen intuizio bat gogoan: momenturen batean balizko mugimendu iraultzaile bati buruz hitz egitekotan, aldez aurretik nolabaiteko oinarri batek egon beharko lukeela, gutxienez era independentean antolatutako langile mugimendu bat, hainbat arlotan defentsaren aldeko berehalako borrokekin lotua, eta proletalgoaren eguneroko bizitzan sustraitua. LASek bigarren kontu horri era apalean erantzuten dio, bere gaitasunen gainetik dauden funtzioak bere gain hartzen ahalegindu gabe. Baina uste dugu premisa horiek dagoeneko identifikatuta sentitzen ez garen sindikalismo korporatibo despolitizatu batetik haragoko lan oinarri batzuk ezartzen dituztela, eta LAS ez dago burbuila batean, inguratzen gaituen testuinguru politikoan baizik.

Hori guztia esanda, interesez jarraitzen ditugu egun gai horren inguruan izaten ari diren eztabaidak; uste dugu langile mugimendu berri baten loraldiaren eta langile mugimendu klasikoaren krisiaren ondorio direla, baita sistema kapitalistari errotik eraso egingo dion klase politika iraultzailearen premiazko beharraren ondorio ere. Bigarren kontu horren aurrean, lehen esan dugun bezala, ez gara gu erantzuna eman dezaketenak, baina guretzat, izaera iraultzailea duen hipotesi estrategiko bat gorpuzten saiatu daitezkeenen artean, nolabaiteko funtzio bat izan behar dute defentsa borrokek. Erantzun beharreko galdera, beraz, funtzio horren nolakotasunaren ingurukoa izango litzateke.