Arratsaldeko 18:00etan Nabarreriatik hasita, mobilizazio bat egin zuen atzo Iruñerriko (Nafarroa) Laneko Autodefentsa Sareak (LAS), sanferminetan ere, enpresarien eta instituzioen inpunitatearekin bukatzera deitzeko eta "jaiek inposatzen diguten miseria salatzeko". Izan ere, San Fermin festen atarian gaude, eta gogorarazpen bat egin du LASek: "San Ferminek esplotatzen zaitu".
"Bederatzi egunetan zehar, hiria turistifikazioaren menpe dago. Gure etxeetatik kaleratzen gaituzte, lanean esplotatzen gaituzte eta ahalik eta gehien estutzen gaituzte bai jabe handiek, bai txikiek, bai enpresariek, gure izerdiaren azken tanta ere diru bihurtuz", seinalatu zuten LASeko kideek manifestazioaren amaieran. Azpimarra egin zieten ostalaritzari, merkataritzari eta garbiketari, gogoraraziz sektore horietako langileek "oso ondo ezagutzen" dituztela "enpresek sanferminetan egiten dituzten gehiegikerien formak": "Aldi baterako lana, amaigabeko lanegunak, gaueko orduak, giza-erritmoak, inolako eskubiderik eza, diru beltzean egindako ordainketak, kontraturik gabeko lana eta abar luze bat".
Hala, azaldu zuten sanferminak "aukera paregabea" izaten direla enpresarientzat, eta "kolpe gogorrenak" jasaten dituztela, besteak beste, pertsona migranteek: "Lan gogorrenak eta gizarte-errekonozimendu gutxienekoak egiten dituzte, hala nola, kale-salmenta edo pisuen garbiketa".
Dena den, enpresariez gain, instituzio publikoak ere jarri zituzten jopuntuan: "Enpresaburuek inposatzen diguten abusua eragotzi beharrean, babestu eta mozorrotu egiten dute jai eta algara artean.
Aurtengo sanferminak: BSH eta villavesak
Urte honetan, San Fermin jaiek izango duten zeregin "desmobilizatzailea" ere nabarmendu du autodefentsa-sareak, Ezkirozko BSH enpresako zuzendaritzari erreferentzia eginez: "BSHk, itxiera-prozesu luze baten ondoren, oso modu egokian erabaki du enplegu-erregulazioko espedientea, 600 langile baino gehiagoren kaleratzea, jaiak baino egun batzuk lehenago tramitatzea. Horrela, negoziazioa jaietan zehar egingo da, langile asko oporretan daudenean". Iruñerriko LASek, hala, klase-elkartasuna adierazi zion berriz BSHko plantillari.
Villavesetako beharginei ere eman zien babesa, greban baitaude: "TCC Moventis enpresak eta Iruñerriko Mankomunitateak egiten dituzten etengabeko gehiegikerien aurrean, hilabeteak daramatzate borrokan lanuzte partzialen bidez, eta greba mugagabea egitea erabaki dute presio gehien egin dezaketen unean; Sanferminen aurretik eta bitartean".