Udaltzaingoak setio egoera mantentzen du Iruñeko (Nafarroa) langile kontrolpeko etxebizitza blokean. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak igande eguerdian jakinarazi zuen, duela hainbat egun, Jarauta kaleko bloke bat birjabetu zutela hainbat familiak eta pertsonak, bertan bizi ahal izateko. Birjabetzea argitara atera bezain pronto bertaratu ziren udaltzainak, eta desokupazio-enpresa baten modura jardun dute ordutik: gau eta egun daukate kontrolatuta eraikineko sarrera, eta ez diote uzten inori sartzen, ezta euren etxeetatik irteten direnei ere.
Beraz, Poliziak isilpean hustu nahi du langile kontrolpeko etxebizitza blokea, apurka-apurka jendea eraikinetik atera dadin eta itzul ez dadin baitauka ezarrita sarbide-kontrola, igande gauean Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak salatu zuen modura.
Pamplona Centro Histórico-Iruña Biziberritzen (PCH-IB) udal enpresa da eraikinaren legezko jabea, eta, atzo, enpresaren egoitzan egin zuten protesta hainbat eta hainbat lagunek. Jarautan aurrera eraman nahi den legez kontrako etxegabetzea salatzeaz gain, Poliziak sarbide-kontrola ken dezala exijitu zuten protestan, baita Jarautako 19. zenbakiko bizilagunei euren etxeetara sartzen utz diezaietela ere.
Protesta bat gaur iluntzean, Jarautan
Gaur ere joko du protestara Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak, Poliziak blokean ezarritako sarbide-kontrolaren kontra. Hain zuzen ere, 19:00etan Jarautako 19. zenbakira bertaratzera deitu du sindikatuak. PCH-IB enpresaren erantzukizuna seinalatu, udaltzaingoak mantentzen duen setio egoera eta desokupazio-enpresa jarrera salatu, eta blokean bizi diren lagunei babesa emango diete elkarretaratzean.