AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/16 19:48

Krisialdi honetan hamaika ekimen aurkeztu dituzte Euskal Herriko hainbat eskualdetan, "langile klasearen bizi-baldintzen defentsan". Iruñerrian (Nafarroa), Tolosaldean (Gipuzkoa), Busturialdean (Bizkaia) eta Lea-Artibain (Bizkaia) antolatutako ikasleen Autodefentsa Sareek problematika horri lotutako aldarrikapen-sortak plazaratu dituzte, salbuespen egoerak ikasleengan izan dituen eraginak salatzeko eta zenbait aldarrikapen egiteko.

Tokian tokiko aldarri zehatzez gain, testuinguruaren ikuspegia azaldu dute ikasle horiek, batik bat, "bizi baldintzen okertzea" eta "hezkuntza sistemara egokitzeko zailtasunak" salatuz. Hala, "hezkuntza prozesua ikasleen interesera egokitzeko beharra" nabarmendu dute, "antolakuntza politikoa" ezinbestekotzat jota.

IRUÑERRIA

Hilaren hasieran, Iruñerriko Ikasle Autodefentsa Sareak "bigarren hezkuntzan diharduten langile klaseko ikasleek bizi duten egoera" eta "batxilergoko bigarren mailako ikasleei ezarri zaien ziurgabetasun egoera" salatu zituen ohar bidez. Ikasketa prozesua aurrera eramateko "baliabide falta" eta "ziurgabetasuna" aipatu zituzten, baita online metodologia mantentzeko gaitasunak dituztenen eta proletarizatuen dauden ikasleen arteko "banaketa" agerian jarri ere.

Egoerari erantzuteko, "klase elkartasunaren printzipioa" galdegin zuten Iruñerriko IASeko kideek, eta "alternatibak eraikitzearen" alde egin zuten, "hezkuntza-sistemaren izaera burgesa neutralizatzeko". Joan den astean testigantza kanpaina abiatu zuten, eta Iruñerriko 35 ikastetxetako ehunka ikasleren adierazpenak jaso dituzte jada.

TOLOSALDEA

Tolosaldeko Autodefentsa Sareak ere esku hartu du krisialdian, eta ikas-baldintzen hobekuntza lortzeko dinamika jarri du martxan. Ikasle Abertzaleakek argitaratutako programarekin bat egin du, Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu lemapean.

Laskorain, Herrikide eta Orixe ikastetxeetan "online klaseen derrigorrezkotasuna kentzea" eta "beharrezko edukia soilik ematea" exijitu dute ikasleek. Batxilergoko lehenengo mailari dagokionez, "eduki osoaren murrizketa planteatzea" eta "garrantzitsuena dena soilik ematea" eskatzen dute; eta bigarren mailakoei dagokienean, aldiz, "selektibitaterako beharrezkoa den edukia soilik ematea" eta selektibitatean sartzen ez diren irakasgaietan edukia sakontzea "ikasleen esku geratzea" dira eskaerak.

LEA-ARTIBAI

Lea-Artibain ere erantzun antolatua aurkeztu zuten atzo Ondarroa BHI ikastetxeko hainbat ikaslek. DBHko 4. mailako eta batxilergoko ikasleek "berdin jarraitzen duen ebaluazio sistema" salatu dute, Ikasliok batute, geuri defendiu kanpainaren bidez. Haiek ere IAren dinamikarekin bat egin eta sei eskaera aurkeztu dituzte, helburu horien defentsan jarduteko asmoa eta zilegitasuna azpimarratuz. Sinadura-bilketa zein bideo-kanpaina jarriko dituzte martxan.

BUSTURIALDEA

Busturialdean, bestalde, adierazpen bat plazaratu zuten bertako Autodefentsa Sareak eta IAk, ikasleek salbuespen egoeran bizi duten egoera salatzeko. Testigantzak biltzeko kanpaina abiatu dute eskualdean.

JARRAIPENA

Kanpainak Euskal Herriko eskualde gehiagotan izan du jarraipena egunotan zehar, beste zenbait eragile lokalen eskutik. Hala, testigantzen bilketarekin hasi dira, esaterako, Goierriko (Gipuzkoa) Ikasle Autodefentsa Sarea eta IA, Azpeitiko (Gipuzkoa) Ikasle Autodefentsa Sarea, Debagoienako (Gipuzkoa) IA, Lizarraldeko (Nafarroa) IA, Bidasoako (Gipuzkoa) IA eta Hego Uribeko (Bizkaia) IA.