AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Urola Kostako Kontseilu Sozialistak antolatutako mahai-inguru bat, iaz.
2021/11/03 10:20

Ikasturte politiko berriari heldu dio Urola Kostako Kontseilu Sozialistak ere, eta hitzordu batzuen berri eman du dagoeneko. Eskualde mailako jardunaldi batzuk antolatu ditu Langile antolakuntzaz, babesgabetasunari aurre egin lelo hartuta, eta egitaraua aurkeztu du jada. Azaroaren 12an izango da lehenengo saioa Zarauzko (Gipuzkoa) Gaztelekuan, eta abenduaren 10erako jarri dute bigarren hitzordua, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Zumaiako (Gipuzkoa) Oxford aretoan biribilduko dituzte jardunaldiak hirugarren saio batekin, abenduaren 17an.

Hiru saio, hausnarketa politikorako

Urola Kostako Kontseilu Sozialistako kideek azaldu dutenez, eredu modura dituzte Euskal Herriko beste eskualde batzuetan Kontseilu Sozialistak eta langile autodefentsa sareak, elkarlanean, egiten ari dien lanketak. Urola Kostako jardunaldi berrien helburua da, hain zuzen, langileriaren babesgabetasun ekonomikoaz eta politikoaz hausnartzea, baita babesgabetasun horri aurre egiteko borroka eta antolaketa formez ere.

Oinarrizko hausnarketa horiei ekiteko, hiru hitzaldi prestatu dituzte oraingoz, gai zehatz batzuen inguruko lanketa abiapuntu modura hartuta. Hitzaldi horietan aztergai izango dira, besteak beste, ohiko sindikalgintza eta autodefentsa laborala, borroka ekonomikoen zentzu politikoa eta grebaren bilakaera eta ikuskerak.

Zumaian izango da grebari buruzko saioa, eta Urola Kostako Kontseilu Sozialistak jakinarazi du, gainera, film labur bat ari dela prestatzen egun horretarako, abenduaren 17rako. Herrian izan diren hainbat borrokari lotutako testigantzak bilduko dituzte bideo horretan.

Egitarau zehatza, hurrengo asteetan

Hitzaldiez gain, beste zenbait ekitaldi prestatu dituzte jardunaldiei lotuta. Azaroaren 12an, Zarautzen, luntxa egingo dute hitzaldiaren ondoren. Gainontzeko bi hitzorduen xehetasunak, ordea, laster jakinaraziko dituzte.

EZ DAGO IRUZKINIK