AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/02/14 10:34

Laneko gehiegikeriei aurre egiteko gakoak izeneko solasaldia egin zuten larunbatean Tolosan (Gipuzkoa), Tolosaldeko Langile Autodefentsa Sareak antolatuta. Azken hilabeteetan, kontraturik gabeko lanei eta ordaindu gabeko lanei lotutako kasuak salatzeko kanpaina batean aritu dira lanean Autodefentsa Sareko kideak. Normaltasun berria, langileon miseria leloarekin jarri zuten martxan dinamika, eta aipatutako gehiegikeria kasuak salatzeaz gain, egoera horiei aurre egin ahal izateko gidalaguntzak zabaltzen aritu dira. Dinamikari amaiera emateko antolatu zuten larunbateko solasaldia, Bategin Goierriko Langile Autodefentsa Sarearekin batera.

Lan-gatazka bat irabaztera mugatu, edo berau ahalbidetzen duen sistema eraitsi?

Langile Autodefentsa Sareko kideek azaldu zuten garrantzitsua dela lan-gatazkak zergatik gertatzen diren ulertzea, eta laneko gehiegikeriak "soldatapeko lanaren logikari berezkoak zaizkion" egoerak direla azpimarratu zuten. Izan ere, "nagusiek haien irabaziak mantendu edota handitzeko, langileen kostuak ahalik eta baxuenak izatea behar dutela" zioten.

Hori horrela, argitu zuten Langile Autodefentsa Sareak ez direla tokian tokiko lan-gatazkak irabaztera mugatzen; "langileak esplotatzen dituen eta haien bizitzako esparru guztiak kontrolatzen dituen sistema eraisteko antolatzen" direla jakinarazi zuten. Azken puntu hori da, hain zuzen, Autodefentsa Sareak sindikatuetatik bereizten dituen ezaugarri nagusia, adierazi zutenez.

Bestalde, laneko gehiegikeriei lotutako arlo juridikoa lantzeko aukera ere izan zuten asteburuko saioan. Batetik, oinarrizko zenbait argipen juridiko eman zituzten eta, bestetik, Espainiako Estatuko lan-erreforma berriak ekarri dituen aldaketen inguruko informazioa eskaini zuten.

Tolosaldeko Langile Autodefentsa Sareak duela gutxi jakinarazi du lan-gatazka bat irabazi duela.

Hemen, sortu dituzten gidalaguntzetako zenbait eduki:

EZ DAGO IRUZKINIK