Gero eta gehiago dira tokian tokiko Kontseilu Sozialistak sortzen ari diren Laneko Autodefentsa Sareak. Azken egunetan Bidasoan, Urola Kostan, Urola Erdian eta Gasteizen (Araba) eman dute Laneko Autodefentsa Sareen sorreraren berri, eta antolaketa-espazio berri horiek jendaurrean aurkezteko hainbat saio prestatu dituzte lekuan leku. Abenduaren 15ean eta 16an aurkeztuko dute Urola Kostako Laneko Autodefentsa Sarea, Zumaian (Gipuzkoa) eta Zarautzen (Gipuzkoa), hurrenez hurren. Hilaren 16an izango da Gasteizko Laneko Autodefentsa Sarearen aurkezpena ere, eta 17an Urola Erdiko Laneko Autodefentsa Sarearena, Azpeitian (Gipuzkoa). Bidasokoa, berriz, abenduaren 23an aurkeztuko dute, Irunen (Gipuzkoa).
Gasteizko Kontseilu Sozialistak azaldu duen modura, "burgesiaren ofentsibaren ondorioak" begi bistakoak dira lan-arloan ere. Horren adibide modura aipatu ditu "soldataren jaitsiera, egiturazko langabezia, kontraturik gabeko lanak, ordaindu gabeko lanorduak, lan-jazarpena, kaleratzeak eta abar". "Inpunitate osoz jarduten dute enpresari handiek zein txikiek. Babes gutxien duten langileen eskubideak etengabe urratzen dituzte", seinalatu dute Gasteizko kideek. "Langileok beharturik gaude lan-baldintza miserableetan lan egitera, nagusiek inpunitate osoz jarduten duten bitartean", esan dute Bidasoko Kontseilu Sozialistako kideek.
"Egoera horren aurrean erantzun beharra dago, eta langileon defentsa antolatu", aldarrikatu du Urola Kostako Kontseilu Sozialistak. "Lan-eremuan autodefentsarako tresnak garatzen joateko" beharrari egin diote azpimarra, beharginentzat "hobekuntzak lortzeko eta antolakuntza gaitasunak indartzeko". Horri lotuta gaineratu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak funtsezkoa dela "nagusien inpunitatearekin amaitzeko langileriaren defentsa eraginkorra bermatuko duten instituzio independenteak sortzea, Estatu Sozialistaren eraikuntzaren alde indarrak metatuz". "Izan ere, soilik hori baita guztiok kalitatezko lan-baldintza berdinak izateko berme bakarra", gaineratu du.