AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/14 12:23

Lan-jazarpen kasu larri bat atera du argitara Gasteizko (Araba) Laneko Autodefentsa Sareak. Kirol tabernako langile batek jasan ditu erasoak, gaur jakinarazi dutenez. Taberna horretan aritu den denboran, ohikoa izan da nagusiak "lan-ordutegiak egun batetik bestera bidaltzea, laneguna hitzartutakoa baino beranduago amaitzea, berandu ordaintzea", eta abar. Martxoan soldata ordaintzeko jarritako eguna igaro zenean eta beharginak ikusi zuenean, beste behin, ordainketa egin gabe zegoela, "planto egitea erabaki zuen", LASeko kideen esanetan.

Lantokira joan zen hurrengo egunean, eta egoera horretan nagusiak "egin beharrekoen zerrenda bat" eman zion. Jabeak, ordea, mendekua hartzeko baliatu zuen une hori: tabernan giltzapetu zuen behargina. Handik hainbat egunera, gainera, bota egin zuen lanetik, "faltsuak diren arrazoi batzuk aitzakiatzat hartuta". "Nagusiak lan-baldintza eta eskubideak urratu dizkio etenik gabe eta langileak irmotasunez erantzun dion unean mendekuz giltzapetuta utzi du tabernan, eta, horren ostean, kaleratu egin du", salatu du LASek.

Borroka Kirol tabernaren kontra

Langileak LASera jo duenean "jasan duen lan-jazarpen larriaren aurrean antolatzeko eta horri aurre egiteko", borrokari ekin diote LASeko kideek ere, Kirol tabernaren kontra. "Izan dituen lan-baldintzen" ondorioz, lan-kategoriari loturiko irregularitateak kasu, tabernako nagusiak dirua zor dio behargin ohiari. Kaleratzea, gainera, bidegabea izan dela azaldu du LASek; eta horri lotuta ere zor dio zenbateko bat, beraz. Hori guztia dela-eta, "diru hori ordainarazteko bitartekoak" jarri ditu martxan sareak.

Eraso hau eta antzekoak "irmoki" gaitzetsi ditu, eta horien aurka borrokatzeko beharra azpimarratu. Gogorarazi du, bestalde, ez dela Gasteizko Kirol publikoki seinalatzen den aurreneko aldia: duela urte batzuk eman zuten tabernako nagusiak hainbat langileri egindako erasoen berri.

EZ DAGO IRUZKINIK