AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / The Diplomat in Spain
2023/10/05 23:18

Granadak (Andaluzia) hartu du oraingoan Europako Komunitate Politikoaren goi-bilera, eta gailurrean izan da Ukrainako presidente Volodimir Zelenski ere. Handik egindako adierazpenetan, azpimarratu du "batasuna babestea" dela "Europan dugun lehen erronka", argituta ez diela erreferentzia egiten "Europar Batasuneko herrialdeei bakarrik, Europa osoari baizik".

Eta batasun horren zehaztapen bat ere egin du, Ukrainan gerra lehertu zenetik sarri ikusi den modura: laguntza militar handiagoa eta arma gehiago eskatu ditu; "aire-defentsarako" armak, hain zuzen ere. Eskaera hori egiteko, datorren neguan Errusiak Ukrainako energia-azpiegiturei eraso egiteko arriskua dagoela argudiatu du Zelenskik.

Espainiako Estatuko presidente Pedro Sanchezek, bere aldetik, laguntza militarra emango diola eta energia-ekipamenduak bermatuko dizkiola hitzeman dio Ukrainari.

Une honetan, dena den, kolokan jarraitzen du Ukraina Europar Batasuneko estatu kide bilakatzeko aukerak. Europako Batzordeko presidente ohiak, Jean-Claude Junckerrek, berriki egin ditu adierazpen batzuk auziari buruz. Zalantzan jarri du Ukrainak Europar Batasuneko kide izan behar ote duen, herrialdeko "korrupzioa" argudiotzat hartuta.

Ukraina, NATOren parte?

Gerrak leher egin zuenetik, Ukrainak etengabe eskatu du, gainera, NATOn sartzeko, baina badirudi desadostasunak sortzen dituela gaiak Aliantza Atlantikoaren barruan. 2008an ireki zen aurrenekoz Ukraina aliatu militar bihurtzeko bidea, esanez estatu kide guztiak ados zeudela Ukraina nahiz Georgia NATOren parte izango zirelako ideiarekin. Hamabost urteren ostean eta gerra baten testuinguruan, ordea, badirudi zatituta daudela aliatuak bide-orri hori egiteko moduari dagokionez.

Antza, Baltikoko herrialdeek eta Ekialdeak konpromiso argi bat erakustearen alde egiten dute; Amerikako Estatu Batuek edota Alemaniak, baina, lausotu egiten dituzte espektatibak. AEBek aurten esan dute goizegi dela Ukraina NATOn sartzeko, eta ez dagoela horretarako prest. Ezinbesteko baldintzatat jo du, gainera, Ukraina estatu kide bihurtzeko, hango gerra bukatuta egotea.

Dena den, AEBen ekimenez eta Frantziaren, Erresuma Batuaren nahiz Alemaniaren babesarekin, badirudi Ukrainara gerrarako baliabideak helarazten jarraitzeko konpromisoari eutsiko diotela NATOko kideek.
EZ DAGO IRUZKINIK