AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: eldiario.es
2021/12/02 14:06

Javier Gutierrez, La Gilda del Norte Bizkaiko enpresa ezaguneko burua, pasa den ekainean atxilotu zuten, Bilbon (Bizkaia), "egoera irregularrean zeuden atzerritarrak behin eta berriz erabiltzeagatik", pertsona adingabeak lanean soldatapean lanean izateagatik, derrigortze-delituenagatik eta "osasunerako arrisku larria duten arriskuei eta lanekoei aurrea hartzeko arauak hausteagatik". Orain, 25 langile kontratu gabe lanean izatea eta haurdun zegoen behargin bat kaleratzea egotzi diote.

Gizarte Segurantzan alta emanda ez zeuden 25 langile ari ziren soldatapean lanean La Gilda del Norten, migratutako pertsonak guztiak. Langile horiei "beltzean" ordaintzen zieten, eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) azpitik zegoen haien soldata: 800 euro kobratzen zituzten. Gainera, ez zuten beti agindutako guztia kobratzen.

Goizeko 06:00etatik arratsaldeko 14:00ak artekoa izaten zen haien lan-ordutegia, eta ordu estrak egiten zituzten maiz, arratsaldeetan edo larunbatetan. Lan-orduetan, gainera, langileen aurkako etengabeko jazarpena eta eskubide urraketak izaten ziren. Lan-ikuskaritza bertaratuz gero, izozkailuetan sartzeko agindua zeukaten langileek.

Eraso gehiago

Horretaz guztiaz gain, hainbat langileren testigantzei esker ezagutarazi dute beharginetako batek jasandako eraso bat. Haurdun geratu zenean, presio ugari jasan zituen zuzendaritzako hainbat pertsonaren partetik, abortatu zezan. "Klinika pribatu bateko gastuak" ordainduko zizkiola agindu zion enpresak, baina langileak ezezkoa ematean eta haurdunaldiarekin jarraitzeko asmoa zuela adieraztean, kaleratu egin zuten.

Beste langile batek, besoan ebaki bat egin ondoren, lanean jarraitu behar izan zuen, zauria bere kabuz sendatuta. Pandemia garaian, bestalde, garraio-lanetan aritzen ziren langile ugari lanean jarraitzera behartzen zituzten COVID-19a atzemateko proban positibo emanda ere; langile asko kutsatu zirela salatu dute.

Orokorrean, ohikoa izan da La Gilda del Norten kontraturik gabe jardutea. Kontratua zeukaten beste langile batzuen senide edo lagunak izan dituzte sarri kontraturik gabe lanean, eta haien egoera zaurgarriaz baliatuz, xantaia egiten zien enpresaburuak: kontratuak zituzten langileak kaleratuko zituela esaten zien, mehatxu modura.

Behargin horietako gehienak dira migratutako emakumeak, eta askok aipatu dutenez, edozein lan-baldintza onartzeko prest zeuden, jatorrizko herrialdean dituzten seme-alabei edo beste senide batzuei dirua bidali ahal izateko baldin bazen.

EZ DAGO IRUZKINIK