AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ertzaintza Hondarribiko Gaztetxea irekitzen, joan den urtean.
2021/03/21 21:01

Hondarribiko Gaztetxe Asanbladak eta Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak dirua biltzeko kanpaina bai jarri dute martxan, elkarlanean. Urtebete inguru igaro da polizia-indarrek Hondarribiko Gaztetxea (Gipuzkoa) hustu zutenetik, eta handik kanporatu zituzten bi kideren aurkako prozedura judiziala dela-eta, balizko epaiketa kostuengatik 3.994 euroko kalte-ordainak eskatu dizkio Elizak gaztetxe asanbladari.

Diru-bilketarako lehen urratsa izan da crowdfounding bat abiatzea, "Elizaren eraso honi aurre egiten ekarpena egin nahi duen orok hala egin dezan". 

Bestalde, prozedura judizialari esker Elizak "ahal bezainbeste diru xurgatzeko aukerak" izan dituela salatu dute asanbladako kideek, eta "neurriz kanpoko" isun horiek euren babesgabetasuna agerian utzi dutela azpimarratu dute. Gainera, gaztetxea hustu zuten egunean eraikinetik bota zituzten bi gazteen aurkako isunak oraindik ez direla iritsi adierazi dute.

Erresistentzia Kutxa Nazionala

Errakik adierazi duenez, Erresistentzia Kutxa Nazionalari esker posible izan da, alde batetik, Langile Kontrolpeko Espazioen bideragarritasuna bermatzeko eraso ekonomikoei aurre egitea eta, bestetik, epaiketen kostuei "indar antolatuaren" bidez aurre egitea eta okupazioaren praktika ahalbidetzea. Ondorioz, Langile Kontrolpeko Espazioen defentsa antolatzeko garaian, Erresistentzia Kutxa Nazionala modu progresiboan elikatzeak duen garrantzia nabarmendu dute Errakiko kideek. 

Halako kostu ekonomikoen izaera errepresiboa ere seinalatu dute Errakik zein Hondarribiko Gaztetxe Asanbladak, eta eskerrak eman dizkiete azken hilabeteetan gaztetxeari ekarpena egin dieten pertsona guztiei.

EZ DAGO IRUZKINIK