Aliantza Atlantikoak, berez, hamar urtean behin berritzen ditu "kontzeptu estrategikoak" deiturikoak; hau da, jarduera-ildoa, testuinguru geopolitikoa eta testuinguru estrategikoa kontuan hartuta. Duela hamarkada bat baino gehiago, 2010ean, zehaztu zituen kontzeptu estrategikoak azkenekoz, Lisboan. Orain, Madrilen berriki egindako goi-bileran, gaur egungo "mehatxuei eta erronkei" aurre egiteko plana eta, horretarako, NATOko kide diren estatuek izan beharreko "garapen politiko eta militarra" berritu ditu NATOk.
Kontzeptu estrategikoak aldatzeko, "segurtasun-giroan" izan diren aldaketak aztertzen ditu Aliantza Atlantikoak, eta horren arabera egokitzen du bere bide-orria. Oraingoan, azken urteetako berriei erreparatuta, nabarmendutako gertakari modura aztertu dituzte, besteak beste, "Krimeako inbasio errusiarra" zein "Brexit-a".
Bere funtzioak ere berrikusi ditu NATOk, eta hiru multzotan banatu ditu: "disuasioa eta defentsa, krisien prebentzioa eta kudeaketa, eta segurtasun kooperatiboa".
Errusia, mehatxu nagusia
Azkeneko goi-bileran, NATO osatzen duten 30 estatuetako ordezkariez gain, hainbat gonbidatu izan dira; esaterako, Ukrainako presidente Volodimir Zelenski. Ondorio nagusi modura, adostu dute Errusia dela une honetako "mehatxurik garrantzitsuena eta zuzenena". "Ukrainaren aurkako Putinen gerrak bakea hautsi du Europan, eta Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europako segurtasunean izan den krisirik handiena eragin du", adierazi du NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek.
Ideia horrek erabat baldintzatu du Aliantza Atlantikoaren bide-orri berria, lehentasuna eman baitio "zuzeneko eragin eta kontroleko eremuak ezartzeari", eta "hertsaduraren, subertsioaren, erasoaren eta anexioaren bidez" egin nahi du hori.
Txina, erronka
Txina, mehatxutzat beharrean, erronkatzat jo du NATOk; hain zuzen, erronka bat "NATOren interes, segurtasun eta balioetarako". "Txinaren operazio hibrido eta zibernetiko maltzurrak eta haren konfrontazio eta desinformazio erretorika aliatuei zuzenduta daude, eta kalte egiten diote Aliantzaren segurtasunari", dio jarduteko moduari buruzko agiri berriak. Txinari leporatu dio, gainera, sektore teknologiko eta industrialak kontrolatu nahi izatea.
Aliantzak kezka erakutsi du Txinaren eta Errusiaren arteko "elkarlan gorakorra" dela-eta, baina esan du "konpromiso eraikitzaile" bat landu nahi duela Txinarekin.
Arma nuklearrak, terrorismoa eta zibersegurtasuna
Gaur egun identifikatzen dituen bestelako "mehatxu" batzuk ere seinalatu ditu Aliantzak azkeneko goi-bileran. Esaterako, Errusia, Ipar Korea eta Txina bezalako herrialdeen berrarmatze nuklearra salatu du, esanez arma nuklearren erabilerak "goitik behera aldatuko" lukeela "gatazka baten izaera".
Bestalde, "defentsa kolektiboa" bermatzeko, "terrorismoaren aurkako borroka" lehentasun bat dela esan du NATOk, eta neurriak hartuko ditu Sahelen eta Ekialde Hurbilean "terrorismoaren hedapena eteteko". Lurralde horietan Txinak eta Errusiak duten "eragin gero eta handiagoari" aurre egin nahi dio Aliantzak.
Bestalde, zibersegurtasuna lantzea ere ezinbestekotzat jo du. "Gure eraldaketa digitala azkartuko dugu, NATOren aginte-egitura informazioaren arora egokituko dugu eta gure ziberdefentsak hobetuko ditugu", ohartarazi du goi-bileraren ostean.
Horretaz gain, mehatxu modura seinalatu du aldaketa klimatikoa ere, ulertuta "krisiak eta mehatxuak biderkatu" ditzakeela.
Aurtengo goi-bilerari jarritako helburuak bete direla adierazi du NATOk, eta hartutako erabakiek "bakea bermatzeko" balioko dutela esan du Stoltenbergek. "Munduak orain arte pairatu duen segurtasun-egoerarik arriskutsuenetakoa" da gaur egungoa, haren arabera.
Gastu militarraren areagotzea Espainiako Estatuan
Aurretik jakinarazi zen modura, gastu militarra areagotzea ere onartu du Aliantzak goi-bileran. Orain, Espainiako Kongresuko alderdi guztiei zuzendu da Espainiako presidente Pedro Sanchez, eta NATOk hartutako erabakia babestera deitu ditu. Asmoa litzateke, 2029rako, Barne Produktu Gordinaren %2ra heltzea gastu militarra. Zenbatekoa bikoiztea litzateke hori, gastua BPGaren %1ekoa baita gaur egun.
Hortaz, dirudienez, pixkanaka handituko dute gastu militarra aurrekontu orokorretan. Une honetan, NATO osatzen duten aliatuen artean, gastu militarrik txikiena duen bigarren estatua da Espainiakoa, Luxenburgoren ostean.
Ceuta eta Melilla
NATOk "Hegoaldeko hegalari begiratzea" lortu duela dio Espainiako Estatuak, eta besteak beste, "lurralde-osotasunari" buruzko definizioa egokitu du Aliantzak. Hala, besteak beste, "aliatuen lurralde-osotasuna" bermatzeko konpromisoa hartu du, argituta estatu bakoitzaren konstituzioetan zehaztutako lurraldearen osotasuna ziurtatzeari egiten diola erreferentzia horrekin.
Hortaz, eremu hori guztia "defendatzeko" konpromisoa hartuko luke NATOk, eta definizio horren arabera, Espainiako Estatuari dagokionez, eremu horren barruan sartuko lirateke Ceuta eta Melilla hiri "autonomoak" ere. Espainiak Afrikan dituen lurralde horiek "mehatxatuta edo erasotuta" baleude, beraz, estatu aliatuen babesa eskatzeko aukera izango luke Espainiako Estatuak.