Klase-elkartasun erakustaldia Gasteizen: langile ugarik babestu dituzte Mercedeseko suhiltzaileak

Atzo, klase-elkartasunak hartu zituen berriz Gasteizko kaleak. Mercedeseko suhiltzaile industrialek manifestazio bat antolatu zuten arratsalderako, ia 60 egun bete baitituzte greba mugagabean euren lan-baldintzen eta segurtasun-baldintzen defentsan, eta deialdiarekin bat egin zuten Arabako enpresa ugaritako beharginek eta hamaika kolektibok. Hala, Bilbo plazatik abiatuta, mobilizazio jendetsu bat egin zuten hiriko erdigunean barrena: Sutan gaude. Trabajadores unidos por unas condiciones laborales dignas zioen manifestazioaren buruan zeramaten pankartak.

Gasteizko Mercedeseko langile-batzordeak babesa eman zien suhiltzaileei, baita lantegian azpikontratatutako enpresa ugaritako langile-batzordeek ere; Serveo, DHL, Forvia, Motherson, USO ISS, Schnellecke, USO Gigabar... Arabako Foru Suhiltzaileek eta Garoñako Suhiltzaileek ere egin dute bat Mercedeseko suhiltzaileen borrokarekin, eta babes osoa eman diete Gasteizko Udalak azpikontratatutako hainbat lan-sektorek ere: lorezainek (Enviser), rokodromoetako langileek... Kaleratzeen kontra borrokan ari diren Amurrioko Tubos Reunidoseko nahiz Maderas de Llodioko langile-batzordeak ere atxikitu dira, beste hainbat enpresatako batzordeez gain: Decons Agurain, Arcelor Mittal, Arteche Hitachi... Gainera, Gasteizko hainbat kolektibok egin dute bat langileen aldarrikapenekin; hala nola Gasteizko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS), Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), Bizigarri Zaramagako Auzo Elkarteak, Errota Zaharra Auzo Elkarteak, Salburuako Jai Batzordeak, Salburuako Burdinbide Auzo Elkarteak, Zapateneo Kultur Elkarteak, Araba Bizirikek, eta abar. Suhiltzaileek azaldu zuten atzoko manifestazioa "Gasteizko langile-klasearen gatazka guztiena" izatea nahi zutela, ez eurena soilik, eta "batasuna eraikitzea" dutela helburu.

Mercedesek azpikontratatutako Previnsa enpresarentzat jarduten dute soldatapean suhiltzaileek, eta urtarrilaren 15ean ekin zioten grebari, hitzarmenari buruzko elkarrizketetan hilabete luzetako blokeoa jasan ostean. Plantilla osoa batu zen borrokara; 27 langile. Gehiegizko lanaldiak (1.700 ordu urtean eta guardiako 750 ordu), langile falta, soldata baxuak eta osasuna kaltetzen duten baldintzak salatu dituzte hasieratik.

Oraingoz, Previnsak ez du langileen eskaerak betetzeko eta negoziatzeko inolako borondaterik erakutsi, eta Mercedesek ere ez du ardura bere gain hartzen. Hori gutxi balitz, langileek salatzen dute euren greba-eskubidea urratzen ari direla, grebalariek egiten duten lana nolabait betetzen saiatzen ari baitira Mercedesen. Mercedeseko langile-batzordeak dei egin du inor ez dadin boluntario aurkeztu "lehen-mailako interbentzio" horiek egitera, Previnsako langileen borrokaren aurka doalako eta suhiltzaileen lana "prestakuntza egokirik" gabe egitea izango litzatekelako.

Irakurri hemen Iker Babio suhiltzaileari GEDAR LANGILE KAZETAk egindako elkarrizketa.