AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/02/03 12:47

Gasteizko (Araba) Mercedes-Benz lantegiko suhiltzaile industrialek urtarrilaren 15ean hasi zuten greba mugagabea, euren segurtasuna berma dadila eta lan-baldintzak hobetu daitezela eskatzeko, eta borrokan jarraitzen dute. Lanuztea bi astez luzatu ostean egin zuten agerraldi bat Andre Mari Zuriaren Plazan, aurreko asteburuan. Sutan gaude. Hitzarmen duin baten alde lelopean, bizitzen ari diren "muturreko egoera" salatu zuten.

"Gaur egun, Previnsa enpresak kudeatzen du Mercedes-Benzeko suhiltzaile industrialen zerbitzua. Enpresa horrek kudeaketa bere gain hartu zuenetik, gure lan-baldintzak etengabe okertu dira", jarri zuten testuinguruan. Lan-karga izugarri igo dela eta lan-hobekuntzarik gabe "prestakuntza eta lanpostuan sartzeko eskakizunak" gero eta zorrotzagoak direla jakinarazi dute; baita behargin ugari presaka irten behar izaten direla eta horrek plantilla "kolapso teknikoan eta operatiboan utzi" duela ere. "Horri guztiari ekainean hasitako hitzarmen kolektiboaren negoziazioa gehitu behar zaio, hasiera-hasieratik enpresak negoziatzeko borondaterik izan ez duelako".

Hilabete luzetako blokeoa

Suhiltzaileen esanetan, enpresaren borondate falta nabarmena izan da hitzarmen posible bati buruzko elkarrizketetan: "Previnsa ez da mahaira joan aurrera egiteko benetako asmoz. Horren froga garbia da astebete baino gehiago daramagula zuzendaritzaren berririk gabe. Lehen bileretan errepikatu egin dira egungo errealitatetik oso urrun dauden hobekuntza urriak, eta beste batzuetan ez da gure baldintzak hobetuko dituen proposamenik aurkeztu ere. Aurrera egin beharrean, enpresak prozesua luzatzea eta akordiorako edozein aukera blokeatzea erabaki du".

Grebara jotzeko erabakia

Langileek, hain justu, aurrerapen faltagatik eta "bide guztiak agortu ondoren" erabaki zuten grebari ekitea: "Irtenbideak eta tratu duina nahi ditugu". Urtarrilaren 15ean hasi zen greba, baina ordutik enpresak ez du aurrerapausorik eman, are gehiago: egoera larriagotu da, beharginen hitzetan. 

Salatu dute grebarako eskubidea urratzen diela enpresak, "normalean egiten ditugun lanak sistematikoki ordezkatuz". "Greba-egunetan zerbitzutik kanpoko langileak gure gain hartzen ari dira, eta horrek edukirik gabe uzten du gure eskubidea", jakinarazi dute. Gainera, "prebentzio-saileko zenbait esparrutatik eta enpresatik bertatik desinformazio-kanpaina bat" jarri dute martxan grebalarien kontra, haiek "gainerako langileen eta iritzi publikoaren aurrean gutxietsiz".

Suhiltzaileek nabarmendu dute euren helburua "pertsonak eta fabrika zaintzea" dela. "Biziki kezkatzen gaitu egungo egoeran gure jardueraren ordez lanpostuaren kualifikazio espezifikorik ez duten langileak jartzeak. Jarduteko modu horrek arriskua areagotzen du, bai langileentzat, bai instalazioentzat, eta bereziki kezkagarria da segurtasuna zaintzeko eginkizuna duten sailetatik datorrenean", zehaztu dute: "Gure helburua ez da gatazka hutsa, baizik eta argi eta garbi azaltzea zerbitzuaren benetako egoera".

Horiek horrela, dei egin diete "Gasteizko herritarrei, langileei eta kolektibo sozial eta sindikalei" haien aldarriei babesa ematera: "Borroka hori ez da soilik suhiltzaile industrialentzako lan-baldintza duinen alde egitea, baizik eta segurtasuna eta guztioi eragiten diguten oinarrizko eskubideak defendatzea".

EZ DAGO IRUZKINIK