AKTUALITATEA / Migrazioa
Kanarietara iritsi nahian ari ziren 20 lagunek galdu dute bizia itsasoan
Ia 250 pertsona zihoazen ontzian, eta 20 pertsona hil dira Gambiatik Kanarietara heltzeko bidean; itsasora bota behar izan dituzte gorpu gehienak.
2023eko urriaren 30
Kanarietara iritsi nahian ari ziren 20 lagunek galdu dute bizia itsasoan
— ARGAZKIA @salvamentogob

Ez dio hildakoak eragiteari uzten Afrikatik Kanaria uharteetarako migrazio-bideak. Aurreko ostiralean, ia 250 pertsona zeramatzan ontzi bat atzeman zuten itsasoan, Tenerifeko hegoaldean. Lau lagun konorterik gabe zeuden eta 12 urteko haur bat hilik zegoen Itsas Salbamendua hurbiltzean, baina ez dira izan ontzi horretan, Gambiatik abiatu eta Kanarietara iritsi nahian, bizia galdu duten bakarrak: pateran zihoazenek azaldu dutenez, guztira 20 pertsona hil dira bidaian, baina itsasora bota behar izan dituzte hilotzak.

Gambiatik irten ziren ia 250 lagunetik, 221ek lortu dute Kanarietara heltzea. Dena den, horietatik hamabost ospitaleratu behar izan dituzte asteburuan.