Kalez jantzitako polizia-agenteek beste pertsona bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Donostiako (Gipuzkoa) Alde Zaharrean, joan den astelehenean auzoko gazteek egin zuten manifestazioaren osteko istiluen harira, antza. Momentuz, beraz, hiru dira gertakari horiekin lotuta polizia-indarrek atxilotutako lagunak.
Aurreko larunbatean istilu larriak izan ziren Donostiako Alde Zaharrean, polizia-indarrak hainbat gazteren aurka oldartu ostean. Eraso horiek salatzeko, manifestazioa egin zuten astelehen iluntzean eta, amaieran, Alde Zaharra hartu zuen Ertzaintzak. Istiluak hasi ziren orduan.
Ertzainek bi pertsona atxilotu zituzten gau horretan eta, esan bezala, atzokoa izan zen hirugarren atxiloketa. Atzeman eta gutxira utzi zuten aske gaztea.