AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/06/12 09:16

Gradu erregresioa jasan du beste preso politiko batek Euskal Herrian. Oraingoan, Joseba Borde ugaotarra behartu dute espetxera itzultzera, hirugarren gradua kenduta. Ekainaren 1ean kartzelaratu zuten berriz, Basaurin (Bizkaia).

Espetxe Zaintzak aitortuta zuen Bordek zigorraren bi herenak bete dituela jada, eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak aurreko hilabetean erabaki zuen hirugarren graduan sartzea. Fiskaltzak, ordea, erabaki horren aurkako helegite bat aurkeztu zuen, eta jarraibide berriari eutsi dio Espainiako Auzitegi Gorenak: bigarren gradura itzularazi du preso politikoa, Espetxe Zaintzako Epaitegiak erabaki bat hartu bitartean.

Bordek 64 urte ditu, eta koloneko gaixotasun larri bat dauka. 20 urte eta erdi daramatza gatibu, eta 2019an bete zituen zigorraren hiru laurdenak.

Gradu erregresio sistematikoak

Fiskaltza modu sistematikoan ari da Euskal Herriko preso politikoei ezarritako hirugarren graduei helegiteak jartzen. Eusko Jaurlaritzak, eskumena duenetik, 42 preso politiko sartu ditu hirugarren graduan, baina horietatik 29 kasutan aurkeztu ditu helegiteak fiskaltzak.

Modu horretan, hamahiru preso behartu dituzte bigarren gradua ezarri eta kartzelara bueltatzera: Bordez gain, Juan Karlos Subijana, Ainhoa Barbarin, Asier Karrera, Asier Rodriguez, Aitor Esnaola, Mikel San Argimiro, Xabier Atristain, Iñaki Bilbao, Gorka Martinez, Iñigo Gutierrez, Jon Crespo eta Unai Fano.

EZ DAGO IRUZKINIK