Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak erabaki du, momentuz, atzera botatzea pentsioak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin (SMI, gazteleraz) parekatzeko herri-ekimen legegilea. Mikel Torres bigarren lehendakariordeak atzo jakinarazi zuenez, Eusko Legebiltzarrak ez du pentsiodunek mahaira ateratako ekimena tramitatuko, nahiz eta horren aldeko 145.000 sinadura baino gehiago bildu dituen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak.
Bere erabakia justifikatzeko, Gobernu Kontseiluak esan du ez duela neurria beharrezkotzat jotzen eta "Gizarteratzeko eta Diru-Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren koherentziaren aurkakoa" izango litzatekeela. Torresek dio "pentsioa jasotzen dutenentzako babesa dagoeneko integratuta dagoela sisteman", eta "bikoiztasuna, desberdintasuna eta finantza-iraunkortasunik eza" izateko arriskua aipatu du. Adierazi du, gainera, "estatu-esparruari" dagokiola "pentsioen hobekuntza orokor posibleei heltzea".
Aurreko maiatzean, pentsiodunek Eusko Legebiltzarrera eraman zituzten herri-ekimen legegilearen alde lortutako sinadura guztiak. Horrekin, bide egin nahi zioten EAEn bizi diren eta erroldaturik dauden 60 urtetik gorako pertsona guztiek gutxieneko diru-sarrera batzuk izateari, SMIaren %100aren parekoak. 2025ean ezarritako kantitate minimoa 1.184 eurokoa da, hamalau ordainsaritan.
Jaurlaritzaren jarrerari buruz zituzten "espektatibarik txarrenak" bete direla eta "birritan engainaturik" sentitzen direla diote pentsiodunen mugimendukoek. Esan dute eman dieten ebazpena "txosten politiko" bat dela, "zehaztasunik eta daturik" gabea; eta gogorarazi dute "herriaren parte-hartze politikorako bide" gisa planteatu zutela herri-ekimena. Horiek horrela, salatu dute aukera hori blokeatu duela EAJk eta PSE-EEk gidatutako Jaurlaritzak.