AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/01 08:04

2019tik jatorri marokoarreko pertsonak esplotatzen dituen sare bat atera dute argitara Gipuzkoan. Itxura denez, esplotatzaileek diru truke lortzen zizkieten lan- eta bizitoki-baimenak edo errolda faltsuak egiten zizkieten, eta, gero, miseriazko baldintzetan eurentzat lan egitera behartzen zituzten. Lau pertsona atxilotu dituzte esplotazio-sare horri lotuta.

Zenbait hedabideren arabera, lan-eskaintzak eginez, Marokotik jendea lekualdatzera bultzatzen aritu da sarea. Behin Gipuzkoara heltzen zirenean, euren egoera administratiboa egonkortzen eta legeztatzen zuten esplotatzaileek, gero, haiek esplotatu ahal izateko.

Pertsona horien egoera administratiboa legeztatzeko, eraikuntza-sektoreko bi enpresa baliatu dituzte (Gipuzkoan du egoitza batak eta Bizkaian besteak), jatorri marokoarreko behargin horiek modu faltsuan kontratatuz eta, hala, haientzako baimen legalak eskuratuz. Horren ostean, baina, eraikuntzako enpresa horietatik kanpo lan egitera derrigortu dituzte, baldintza negargarrietan: lanaldi amaigabe eta kontrolik gabeekin, soldata baxuekin, lan-hitzarmenak aplikatu gabe eta abar.

Iruzurgileek 3.000 euroraino irabazi dituzte biktima bakoitzeko, aipatutako tramiteak egiteagatik. Euren soldataren zati bat zuzenean kendu diete, edo bueltako "mesedeak" exijitzera ere iritsi dira; esaterako, Marokon bertan hainbat erreforma egitea.

Antza denez, Gipuzkoako zenbait etxebizitzatan egin dizkiete erroldak gutxienez 35 pertsona marokoarri, dirua kobratuz. Irunen nahiz Donostian daude etxe horiek. Biktima horietatik hamahiruk azaldu dute dirua ordaindu dutela, haien egoera administratiboa erregularizatu ahal izateko errolda faltsuak lortzeagatik, paperetan ageri den etxebizitzan ez bizi arren.

EZ DAGO IRUZKINIK