AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Florion Goga/Reuters/RTVE
2024/10/21 12:53

Italiako lehen ministro Giorgia Melonik 2023ko azaroan sinatu zuen akordio bat Albaniako Gobernuarekin, pertsona migranteentzako deportazio-zentro batzuk eraikitzeko. Albanian egon arren, Italiako agintaritzek erabili eta kudeatuko dituzte zentro horiek. Presondegi horien irekiera udaberritik atzeratu ondoren, martxan dira jadanik: Italiak aurreko astean kanporatu zituen hamasei lagun Albaniako zentroetako batera, Shengjingera hain zuzen ere.

Sarri jarri dute zalantzan deportazio-zentro horien oinarri legala, eta berriz berretsi dute eskubide-urraketa bat dakarrela proiektuak. Erromako auzitegiak esku hartu du, gobernuaren proiektua kolokan jarriz. Lehenik eta behin, Albaniara deportatutako hamasei asilo-eskatzaileetatik lau itzularazi zituzten Italiara. Izan ere, adin txikikoak ziren bi, eta "zaurgarritzat" jo zituzten beste bi. Ez zituzten denbora luzez izan Albanian, hortaz, eta haiek atxilotzeko agindua bertan behera utzi zuen aipatutako epaitegiak.

Horren ostean, Albaniara eramandako gainerako hamabi migranteak ere Italiara bueltan eramateko agindua eman zuen Erromako auzitegiak. Esan zuen atxilotutako pertsona horien jatorrizko herrialdeak (Bangladesh eta Egipto) ez direla seguruak, eta, beraz, ez zuen egingarritzat jo haiek horietara deportatzea. Haiek ere Italian daude berriz, beraz.

Gobernuaren erantzuna: dekretu bat berri bat inposatzea

Auzitegiak esku hartu ostean, mugitzeari ekin dio Italiako Gobernuak. Aurreratu du lege-dekretu bat inposatzen saiatuko dela Ministroen Kontseiluan, Albanian eraikitako deportazio-zentroekin aurrera jarraitu ahal izateko. Gaur nahi du horretarako pausoa eman, Erromako auzitegiaren aginduen kontra agertu ostean.

"Auzitegiak ezarritako trabei irtenbide bat ematea" da gobernuaren asmoa, eta lege-dekretua onartuko balitz, segituan sartuko litzateke indarrean. Ansa albiste-agentziak dioenez, honetan datza gobernuak egin nahi duen aldaketa: herrialdeen segurtasun-maila neurtzen duen araudia moldatu nahi du, irizpide horri heldu baitio Erromako auzitegiak Albaniara kanporatutako pertsonen deportazio-prozesua gelditzeko.

Joera orokorra Europan

Europar Batasunean, hainbat izan dira Italiaren proiektua txalotu duten gobernuak, eta Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek berak ere hala egin du. Are gehiago: adierazi du eredugarria dela Meloniren ekimena, eta gainerako estatu kideei mahai gainean jarri die aukera hori.

Aurreko astean egin zuten goi-bilera bat estatuetako buruek, eta badirudi "formula berriak" bilatzen ari direla hainbat herrialdetatik Europara egiten den immigrazioa zailtzeko eta arriskutsuago bihurtzeko. Europatik kanpo deportazio-zentro gehiago sortzea izango litzateke formula horietako bat.

Hainbat iturrik baieztatu dute, atxilotze- edo atxikitze-zentroak baino gehiago, espetxeak edo kontzentrazio-esparruak diruditela Albaniako zentroek. Baina kartzela modura sailkatu ez dituztenez, horietako "gutxieneko estandarrak" ere ez dira betetzen, Karlos Castilla Juárez Zuzenbide irakasleak La Sexta-ri azaldu dionez.

EZ DAGO IRUZKINIK