Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak mobilizaziora dei egin zuen atzorako, uztailaren 1erako, Donostian (Gipuzkoa) eta Iruñean (Nafarroa). Indarkeria matxistari lotutako kasu ugariren berri eman dute azken egunetan Nafarroan nahiz Donostian, eta eraso horiek salatzeko deitu zuten protestara Donostiako Itaiak eta Iruñerriko Itaiak. Hala, Gipuzkoako eta Nafarroako hiriburuetan izan ziren elkarretaratzeak atzo arratsaldean, Indarkeria matxistari aurre egin! aldarri hartuta.
Hain zuzen, aste honetan jakinarazi dute hainbat emakumeren sexu- eta lan-esplotaziorako sare bat desegin dutela Donostian eta Madrilen. Nafarroan, bestalde, hainbat izan dira azken egunetan argitara atera diren erasoak. Antsoainen, esaterako, 19 urteko gizon bat atxilotu zuten ekain amaieran, biolentzia matxistagatik eta matxete bat eramateagatik. Iruñerrian, gainera, gutxienez bi gizon atxilotu zituzten aurreko asteburuan indarkeria matxistagatik, "horietako bat etxeko eremuan", Iruñerriko Itaiak azaldu duenez. Ekain bukaeran hasi zen, bestalde, Orkoienen emakume bat taldean bortxatu zuten erasotzaileen aurkako epaiketa. Horiek dira, besteak beste, Iruñerriko Itaiako kideek aipatutako indarkeria kasuak, gogoan izanda "prentsak jasotakoak baino ez direla" horiek guztiak; "emakume langileok pairatzen dugun errealitatea are bortitzagoa da", azpimarratu zutenez.
Erasoak jasan dituzten emakumeei "babes osoa" adierazteaz gain, "emakume langileok gure bizitzako esparru ezberdinetan pairatzen ditugun erasoen kontrako erantzun eraginkorrak eraikitzen jarraituko" dutela berretsi dute Itaiako kideek. "Eraso horiek egiten dituzten figurak seinalatzea ezinbestekoa dela ulertzen dugu; gure mendekotasun egoera betikotzen duten figura kolaboratzaileak", gaineratu dute.
Nabarmendu dute, gainera, "ideologia matxistan oinarritutako norma kulturala beharrezkoa dela
etsaiarentzat bere botere posizioa manten dezan; gure egunerokotasunean,
egoera zaurgarrian mantentzen gaituen norma", hain zuzen. Horren aurrean, azaldu dute "emakume langilearen emantzipazioa lortzeko" urratsak egiten jarraituko dutela, "apustu politiko, ideologiko eta praktiko" modura.