AKTUALITATEA / Erreformak
Irungo lotura-hodiak gas gehiago garraiatuko du asteartetik aurrera
Iberiar Penintsularen eta Frantziako Estatuaren arteko gas-hornidura %18an areagotuko dute guztira, Europa iparraldeko potentzien eskariari erantzuteko. Ondorioz, %66 handituko da Enegas konpainia espainiarrak eta Terega frantsesak Euskal Herrian dituzten hodien arteko fluxua.
2022eko urriaren 31
Irungo lotura-hodiak gas gehiago garraiatuko du asteartetik aurrera
— ARGAZKIA Enegas

Frantziako zein Espainiako estatuak lotzen dituzten gas-hodiak errendimendu osoan jarriko dituzte aste honetan, Europa iparraldeko potentzien hornidura-krisiari erantzuteko. Horretarako, Espainiako Estatuko Enagas operadorearen eta Frantziako Estatuko Teregaren gasbidearen ahalmena %66 areagotuko da. Neguan Europako gas-sarea indartuko duen fluxu horren gaitasun berria 2 eta 3,5 bcm artekoa izango da (2.000 eta 3.500 milioi metro kubiko).

Aldi berean, %18 handituko da bi estatuen arteko gas-loturaren ahalmena. Euskal Herriko hodiak, hain zuzen, estrategikoak izango dira afera horretan. Irungo (Gipuzkoa) eta Larrauko (Nafarroa) hodiak egokituta daude jada, eta 8.500 milioi metro kubiko esportatuko dituzte urtean. Etorkizunera begira, Iberiar Penintsularen eta Europar Batasuneko gainerako zonaldeen arteko loturak handitzea aurreikusten dute. Horien artean, Bartzelona eta Marsella lotuko dituen BarMar hidrogeno pasabidearekin ordezkatuko dute Espainiako Estatuak, Portugalek eta Frantziako Estatuak ezarrita duten MidCat pasabidea.