AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/25 13:48

Gaur eguerdian, Iruñeko (Nafarroa) udaletxe aurrean bildu dira hainbat kolektibotako kideak, "Iruñerrian etxebizitza-eskubidearen arloan izan diren zenbait gertakaritan eskubide politiko oinarrizkoenak sistematikoki urratu direla" salatzeko. Bat egin dute Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Harituk, Nafarroako Salhaketak, Berriozarko PAH plataformak, Nafarroako SOS Arrazakeriak, Dar Etxeak eta Pertsona Migratuendako Informazio Guneak.

"Azken hilabeteotan, askotariko abusu-praktikak eta praktika irregularrak ikusi ditugu", xehatu dute aipatutako kolektiboek: "Poliziak etxegabetzeak gauzatzea agindu judizialik gabe; adingabeak dituzten familiak etxegabetzea etxebizitza-alternatiba egonkorrik ziurtatu gabe [...]; instituzioak arazoa ezkutatzen saiatzea, beren gain erantzukizunik ez hartzeko; difamazioak etxegabetze-arriskuan dauden pertsonen kontra, bai eta haiek antolatuta dauden kolektiboen kontra ere, haien borroka deslegitimatzeko helburuz; epaitegiek, aitzakia guztiz eztabaidagarriak erabiliz, prozedura judiziala aldi baterako atzeratzeari behin eta berriz uko egitea; edo gizarte-zerbitzuetarako laguntzak ukatzea".

Legez kontrako bi etxegabetze astebetean Alde Zaharrean

Agerraldian gogorarazi dutenez, ekainean legez kanpoko gutxienez bi etxe-kaleratze izan dira Iruñeko Alde Zaharrean, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak desalojoei aurre egin ondoren: hilaren 11n etxegabetu zituzten Ana Belen izeneko andre bat eta bere bikotekidea, eta 20an, berriz, Sadaha izeneko emakume bat eta bere semea.

"Legez kanpokoak direla diogu, ez egungo legalitatea defendatzearren; izan ere, legalitate horrek bazterkeriara kondenatzen ditu milaka pertsona, oinarrizko eskubideak ukatzen dizkio biztanleriaren zati handi bati eta etxegabetzeen zein beste mekanismo batzuen bidez gauzatzen den biolentzia instituzionala baimentzen du", argitu dute: "Legez kanpokoak direla seinalatzen dugu, jarduteko modu horrek kalte larriak ekarri ahal dizkiolako etxebizitzaren aldeko borrokari".

Jakinarazi dutenez, "edonork izan beharko lituzkeen gutxieneko berme legalak errespetatu gabe gauzatu ziren bi etxegabetze horiek", Prozedura Zibilaren Legearen 438.6 artikuluaren arabera, "nahitaezkoa" baita "etxegabetze guztietan kanporatze-eguna eta -ordua zehatz adieraztea". Baina hori ez da bete aipatutako bi kaleratzeetan: "Etxegabetzea jakinarazpenik gabe egin da apropos, herritarren erantzuna saihesteko helburuz. Jarduteko modu horrek baliogabetu egiten ditu etxegabetzeen kontra bide judizial estuetatik harago borrokatzeko aukerak".

Atzerapausoak eskubideetan

Agerraldian bildu diren kolektiboek ohartarazi dute urraketa horiek guztiak "atzerapauso" bat direla "etxebizitzaren arazoa modurik latzenean bizi duten pertsona guztien eskubideetan", baita "oztopo" bat ere," etxebizitza-eskubidearen alde antolatzen diren norbanako eta kolektibo guztientzat". "Oso aurrekari arriskutsua dira, gure eskubide politiko eta sindikalei kalte larria eragiten diena, eta, beraz, baita kolektiboon jardunaren oinarrian dauden baldintzei ere". Seinalatu dute, bestalde, adibidetzat hartutako bi kasuetan "elkarlanean aritu direla epaitegiak, Polizia eta udal-instituzioak".

Hortaz, salatu dute "etxegabetze-prozeduretan sistematikoki urratzen ari direla oinarrizko berme legalak, eta, horrela, era larrian kaltetzen dela prozedurako parte zaurgarrienaren defentsarako eskubidea". Besteak beste, Iruñeko gizarte-zerbitzuetan ezartzen ari diren "barne-irizpideari" egin diote erreferentzia, "mugatzen edo ukatzen ari baitira zenbait kolektibok laguntza ematea hala nahi duten pertsonei". Hori "kolektibo sozialen defentsa-tresna baten kontrako erasotzat" jo dute, "administrazio publikoen funtzionamenduaren opakutasuna handitzen" duela azalduz.

"Ezin ditugu onartu gure eskubideen kontrako eraso horiek. Praktikan ezartzen ari diren atzerapauso guztiek lege-esparru gero eta murriztaileagoak izateko baldintzak ezartzen dituzte", erreibindikatu dute, beraz: "Borondate osoa dugu sistema bidegabe honek gogorren kolpatzen dituen sektoreekin antolatzen jarraitzeko, bai eta era horretako erasoak salatzeko eta gure jardunaren baldintzek okerrera egin ez dezaten borrokan jarraitzeko ere".

Horrekin batera, "aipatutako gertakarietan erantzukizuna duten instantzia guztiei" gogorarazi diete "ezin ditzaketela beren prozedurak bete gabe utzi komeni zaienean". "Exijitzen dugu berma daitezela antolakuntzarako eskubidea eta laguntzarako eskubidea, pertsonek instituzioekin dituzten harremanetan", gehitu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK