Espainiako Auzitegi Nazionalak bederatzigarren aldiz epaitu du Marixol Iparragirre preso politikoa, eta beste hamabost urteko zigorra jarri dio, oraingoan, 1996an Amurrioko (Araba) epaitegiaren aurka izandako ekintza batengatik.
2004ko urrian atxilotu zuen Frantziako Poliziak Iparragirre, ETAko kide zela. Frantziako Estatuak ezarritako 20 urteko zigorra bete ondoren, 2019ko irailean Espainiaratu zuten, eta zigor ugari jarri dizkiote geroztik. Iazko udan hasi zituzten haren aurkako epaiketak, hamabi auziri lotuta.
Besteak beste, otsailean, haren aurkako 122 urteko zigorra berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, Luciano Cortizo militarraren aurkako atentatua "agintzea" eta "lehergaiak hornitzea" egotzita. Martxoan 61 urtekoa, eta apirilean 39koa, 1994ko, 1995eko eta 1985eko zenbait ekintza agintzea leporatuta. Ekainean, berriz, 46 urteko zigorra ezarri zioten, 1987an Eskoriatzan (Gipuzkoa) lehergailu bat jartzea eta kalteak eragitea egotzita.