Beste 46 urteko espetxe zigorra ezarri diote Marixol Iparragirre preso politikoari

Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurkako lau ebazpen eman ditu aurten: 122 urteko zigor bat otsailean, 61 urteko bat martxoan, 39 urteko bat apirilean eta, orain, 46 urteko bat, 1987an Eskoriatzan lehergailu bat jartzea eta kalteak eragitea leporatuta. Zaballara lekualdatuko dute Iparragirre behin-behinean.
Argazki Nagusia
2021eko ekainaren 8a

Iazko udan hasi ziren Marixol Iparragirre preso politikoaren aurkako epaiketak Espainiako Auzitegi Nazionalean, hamabi auziri lotuta. Oraingoz, eskoriatzarrari lau zigor ezarri dizkio auzitegiak, gaur, ekainaren 8an, atera baita argitara haren aurkako laugarren ebazpena: 46 urteko kartzela zigorra jarri dio, 1987an Eskoriatzan (Gipuzkoa) lehergailu bat jartzea eta kalteak eragitea egotzita. Dena den, errugabe jo du talde armatu bateko kide izateko akusaziotik; izan ere, ebatzi du Iparragirrek jada bete duela zigorra Frantziako Estatuan akusazio hori dela-eta.

Aurten preso politikoaren aurkako beste hiru ebazpen eman ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Apirilean 39 urteko espetxe zigorra ezarri zion 1985eko atentatu baten harira; martxoan, 61 urtekoa izan zen ezarritako zigorra, 1994an eta 1995an gauzatutako bi atentatu agindu izana leporatuta; otsailean, berretsi egin zuen aurreko urteko uztailean jarritako 122 urteko zigorra. 1995ko atentatu bat egotzita ezarri zioten zigor hori.

Gaur-gaurkoz Madrilen daukate preso Iparragirre, baina Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak aurreko astean adierazi zuen Zaballara (Araba) tokialdatuko dutela aurki, behin-behinean. Oraindik beste sei epaiketa egin behar dizkiote Espainiako Estatuan.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik