AKTUALITATEA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/05 18:25

"Ikerlarien problematikari erantzuteko" asanblada berri bat sortu dute Ibaetako campusean (Donostia, Gipuzkoa), Unibertsitateko Indar Batasunak jakinarazi duenez: "Ikerlariek ere, doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den unibertsitate baten aldeko borrokan, UIBren baitan antolatzeko hautua egin dute".

Ikerlarien artean "baldintza kaxkarrak" nagusi direla salatu dute, eta beraz, hainbat eskakizun jasotzen dituen programa bat sortu dute. Helburu nagusia da, programa hori betearazita, ikerlarien "lan-baldintza guztiak gorantza berdintzea"; alegia, "kategoria administratibo gorenekoei" ezartzen zaizkien baldintzak guztiei ezartzea.

UIBk beharrezkotzat jo du, gainera, ikerlarien artean batasuna bilatzea, eta sektorean "eskari zehatzak era bateratuan" egitea: "Ez dira doktoratu aurreko bekadunen eta bekarik gabeen eskaerak bereizi behar, ikertzaileen eta ikasleen eskariak bereizi behar ez diren bezala".

Zazpi eskakizuneko bide-orria

UIBk ondoko aldarrikapenak egin ditu Ibaetako ikerlarientzako:

  1. Ikertzaile orori kontratua egitea.
  2. Ikerlari ororen kontratuari formakuntza izaera kentzea.
  3. Ikertzaileek ematen dituzten eskola-orduak ordainduak izatea.
  4. Gutxieneko soldata bat zehaztea.
  5. Ikertzaile-kontratuarekin batera, bestelako lan-kontratuak izatea.
  6. Ikerlariek kalte-ordainetara sarbidea izatea.
  7. Ikerlarien lana aitortua izatea.

Baldintzak hobetzeko borroka

UIBk argitu duenez, oro har, "unibertsitateko langile sektore ezberdinen baldintza materialak hobetzeko" egiten du lan; besteak beste, ikasleen, ikertzaileen edota garbitzaileen baldintzak. Sektore ezberdinen "aliantza ahalbidetu" nahi du UIBk, baina sektore bakoitzak bere aldarrikapen propioak egitea ere beharrezkotzat jo dute, "era bateratuan".

Eskakizun zehatzak oinarri dituzten borrokak martxan jarri arren, UIBko kideek azpimarratu dute ezin dela jardun politikoa "aldaketa partzialen bat edo beste lortzera" soilik mugatu. "Lanpostu ezberdinetako baldintzen berdintasuna, lan-banaketa sexualarekin amaitzea edota doako zein kalitatezko hezkuntza ezin dira gauzatu egungo unibertsitateari aurre egin gabe", seinalatu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK