AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/21 09:47

"Unibertsitateko langile sektoreen kalitatezko lan-baldintzen alde" dihardu Unibertsitateko Indar Batasunak, eta, horri lotuta, ikerlarien baldintzen defentsan mobilizatu ziren atzokoan. UIBk deituta eta Ikerlari antolatu lan-baldintzen berdintasunaren alde lelopean, atzo mobilizazioak izan ziren Bilboko (Bizkaia), Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa), Gasteizko (Araba) eta Leioako (Bizkaia) campusetan.

"Unibertsitatearen ardura da ezagutza dibulgatzea, transferitzea eta ikertzea. Diru asko inbertitzen da ikerketak aurrera ateratzeko, eta aldi berean, horiek erabakigarriak dira erakundeetatik zein gobernutik jasotzen diren diru-iturriak determinatzeko orduan. Organismo publikoek diru-iturri nahikoa eskaintzeko gaitasunik ez dutenez, enpresa pribatuei ateak irekitzen zaizkie EHUn (Euskal Herriko Unibertsitatea) beraien inbertsioak egiteko", adierazi zuen atzo UIBk, mobilizazioen amaieran. Modu horretan, enpresek "ikerketen gaineko erabakimen osoa" lortzen dutela salatu zuen, eta, beraz, ikerketa horiek ez direla "inondik inora gizartearen ongizaterako egiten": "Enpresen beharrak asetzeko zuzen-zuzenean martxan jartzen diren ikerketak dira".

Enpresen esku-hartzea handitzen ari da EHUn

UIBren esanetan, enpresen inbertsioak bikoiztu egin dira 2019. urtetik ikasturte honetara bitartean, eta "enpresekin loturak" hainbat modutan egiten direla azaldu zuen. Horren adibide modura aipatu zuen EHUko gero eta gradu gehiagotan direla derrigorrezkoak praktikaldiak: "Praktikaldiak, ikasketa-prozesua aberastetik urrun, ikasleok lan-munduan geroz eta azkarrago integratzeko apustu garbia dira. Gainera, praktikaldien ordainetan ez dugu inongo soldatarik jasotzen".

Zenbait gradu eta master zuzenean enpresek finantzatzea "enpresen esku-hartzearen adierazpen garbi bat" dela uste du UIBk. Gogorarazi zuen, esaterako, armagintza-industrian aritzen diren ITP eta Sener enpresek finantzatzen dutela Bilboko aeronautika masterra, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. EHUk Zamudion (Bizkaia) daukan aeronautika zentroa, bestalde, 39 enpresak ordaintzen dutela ohartarazi zuen. 16 milioi euroko inbertsioa egin zuten iaz, eta zentro horretatik hamaika Gradu Amaierako Lan (GrAL), Master Amaierako Lan (MAL) eta doktoretza-proiektu eskaintzen dizkiete ikasleei, "zuzenean enpresentzat bideratuta doazenak".

Ikerlarien rola eta baldintzak

Unibertsitateko ikerketa arloan ere enpresen esku-hartzea nabarmena dela seinalatu zuen atzo UIBk: "EHUren gaitasun ekonomikoen mugen aurrean, enpresek ikerketara bideratutako enpresa-gelak edota materiala eskaintzen dute. Horrek, nola ez, ikerketak enpresen mesedera dagoen edukia ekoiztea eragiten du". "EHUren ikerketa-lerroak interes unibertsaleko eta gizartearen onurarako edukia ekoitzi beharko luke, baina larria bezain argia da ikerketen atzean interes jakin batzuk ezkutatzen direla", salatu zuen.

"EHUk argi utzi zuen internazionalizazioa eta enpresekin akordioak egitea zirela 2022-2023 ikasturteko erronka nagusiak, eta horren helburua prestigioa eta diru-iturria handitzea da", gaineratu zuen. Horretan guztian ikerketak eta ikerlariek "rol garrantzitsua" daukatela uste du, "haiek baitira jakintza ekoizten duen sektore garrantzitsuena".

Dena den, ikerlarien baldintzak "jasanezinak" direla nabarmendu zuen atzo UIBk: "Horren adibide dira lan egiteagatik tasak ordaindu behar izatea, irakaskuntza klaseak ez kobratzea, ikerketak egiteko baliabide egokiak ez izatea, baja hartzeko trabak izatea edota tutore autoritarioen jarrera onartezinak jasatea".

Unibertsitate publikoaren "pribatizazioan aurrerapauso nabarmenak ematen ari direla" iritzi dio UIBk, eta salatu zuen EHUk ez duela ezer esan ikerlarien lan-baldintzei buruz. Beharrezkotzat jo zuen, hala, "enpresa pribatuen interesek" ez baldintzatzea "unibertsitateko adar ezberdinak (graduak, masterrak eta ikerketak)".

EZ DAGO IRUZKINIK