AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/08 11:39

Greba deialdi berri bat egin du Ikasle Abertzaleak antolakundeak Hego Euskal Herrian: Gasteizen (Araba) egin zuten agerraldi bat atzo IAko hainbat kidek, Eusko Legebiltzar aurrean, hain zuzen ere. "Negozioen eta inposizioen hezkuntzaren" kontra, martxoaren 13an greba egitera deitu dituzte ikasleak; bai hezkuntza ertainekoak, bai unibertsitatekoak. Aurrerago emango dute egun horretako mobilizazio-deialdien berri.

"Hezkuntza sistemaren egoera larriagoa da urtez urte", azaldu zuen atzokoan ikasle antolakundeak. Azpimarratu du, batetik, "enpresen negozioak hauspotzeko instituzio" bilakatu dela hezkuntza sistema; eta, bestetik, "inposizioetan nahiz autoritarismoan oinarritutako heziketa eredu bat ezarri" dutela bertan.

Hamaika enpresak eta entitatek negozioa egiteko baliatzen duten hezkuntza sistemaren kontra, "ikasle langileon interesak defendatzea" jo dute beharrezkotzat IAko kideek. Eta, bestalde, "hezkuntza eredu gero eta miserableagoa dakarren inposizio orori" aurre egitera deitu dute, "borroka-prozesu oro hezkuntza sistema sozialistaren norabidean" kokatuta. Hori guztia izango dute aldarri eta oinarri martxoaren 13ko borroka-egunean, baita horren aurreko lan guztian ere.

IAk, gainera, gogoan izan du zein izango den martxoaren 13ko testuinguru zehatza Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: hauteskundeen ataria izan daiteke. "Ezin dugu utzi politikari profesionalen arteko polemikak eta zirku mediatikoak hezkuntzan langile-mugimendua apal dezaten", esan du: "Greba horrek hezkuntzaren egoera gero eta larriagoa ezagutarazi eta antolakuntzarako dei bat luzatu behar du, hezkuntza sistema sozalistaren aldeko aldarria lau haizetara zabaltzearekin batera".

Pauso bat aurrera

Aurretik ere hamaika aldiz salatu du IAk "hezkuntza sistemaren norabidea eta egoera dekadentea", besteak beste, EAEko Hezkuntza Legea seinalatuta. Horri lotuta, aldarri ugari egin ditu eta borroka ugari jarri ditu martxan Hego Euskal Herriko hainbat campusetan eta ikastetxetan.

Bigarren Hezkuntzan, esaterako, borrokak ireki zituen urte honen hasieran Bilbon, Buruntzaldean, Durangaldean, Gasteizen, Goierrin, Iruñerrian, Lea-Artibain nahiz Urola Erdian. "Orain, pauso bat gehiago emateko ordua dela uste dugu: borroka-prozesu horiek ikasle greban bateratzeko momentua", aldarrikatu dute ikasleek.

EZ DAGO IRUZKINIK