AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/08 11:20

"Inposizioen hezkuntza" jopuntuan jarrita, Ikasle Abertzaleak antolakundeak borroka-kanpaina bateratu bat jarri du martxan Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako hainbat ikastetxetan. IAko kideek beharrezkotzat jo dute, "inposizioen hezkuntzaren" aurka, "ikasle langileon autodefentsa antolatzea" eta ikas-baldintzen defentsan borrokara jotzea. Norabide horretan, ikasleek hainbat borroka zehatz jarri dituzte martxan zenbait eskolatan; esaterako, ebaluazio-irizpideei, garraio-zerbitzuari, ikas-materialari, kontrol sozialari eta neurri autoritarioei lotuta.

IAk gogorarazi du hezkuntza sistemak "aldaketa prozesu batean murgilduta" jarraitzen duela, eta prozesu horren helburua dela hezkuntza eredua bera ere sistema kapitalistaren "ziklo berri baterako prestatzea". "Trantsizio hori Europako eliteek (politikariek zein enpresari handiek) diseinatu dute eta tokian tokiko gobernuak gauzatzen ari dira, legeen nahiz erreformen bitartez", IAko kideek salatu dutenez. Horrekin lotu dituzte, adibidez, "LOMLOE eta EAEko Hezkuntza Lege inposatuak".

Eduki aldaketa eta zerbitzuen kalitatearen okerragotzea

Aldaketa-prozesu horretan, eta "ikasleak burgesiaren behar berrien arabera hezteko" asmoz, hezkuntzako "metodologia, eduki zein irakasgai aldaketak inposatu" dituzte, IAren esanetan. Baina ez hori bakarrik: murrizketen bidez, "baldintzak okertu eta zerbitzuen kalitatea kaskartu" dutela seinalatu dute ikasleek. "Hezkuntza eredu miserableago baterako trantsizioa da hau, heziketa-prozesua ezagutzan eta guztion ongizatean ardaztu beharrean, diziplinamenduan eta autoritarismoan oinarrituko baita, eta horretarako beharrezkoak diren aldaketa guztiak inposatu egiten dizkigute", xehatu dute.

LOMLOEren eta EAEko Hezkuntza Legearen bidez, esaterako, gaitasunen ("konpetentziak") arabera antolatutako "heziketa eredu bat inposatu" dutela iritzi dio IAk. "Edukiak pisua galduko du eta lan-merkatuan behar diren ezaugarrien arabera moldekatuko gaituzte, bai gaitasun teknikoetan, bai eta baloreei dagokienez ere", gaitzetsi dute ikasleek.

Zerbitzuen kaskartzeari erreferentzia eginda, ohartarazi dute nabarmena izan dela hamaika ikastetxetan ikasturte hasieran azaleratu den egoera: garraio-zerbitzu falta, arazoak jangeletan, kostuen gorakada, eta abar. "Gainera, datozen urteetan egoerak okerrera egingo duela aurreikus daiteke, izan ere, EAEko Hezkuntza Legeak garbi erakusten duen bezala, pribatizazioan sakontzeko apustua egingo da, sektore publikora bidera zitezkeen baliabideak sektore pribatua blindatzeko erabilita", azpimarratu du IAk: "Horrela, ikasle proletarizatuenak zerbitzu kaskarrak jasotzera kondenatuko dituzte, segregazioa nahiz bazterketa areagotuz".

Autoritarismoa eta kontrol soziala, zorrotzago

Edukiaren eta zerbitzuen okerragotzea seinalatzeaz gain, IAko kideek nabarmendu dute autoritarismoaren eta kontrol sozialaren zorroztea ere badirela "inposatu nahi diguten hezkuntzaren" parte. "Heziketa-prozesua diziplinamendu prozesu baten antza hartzen ari da", azaldu dute: "Hezkuntza kapitalista pertsona-eredu jakin bat sortzeaz arduratzen da, burgesiaren intereseko ezaugarri konkretu batzuk dituena (otzana, despolitizatua, esanekoa), eta ezaugarri horiek bortxaz ezartzen dizkigute ikasleoi autoritarismoaren eta kontrol sozialaren bidez".

Horren guztiaren isla modura aipatu dituzte "plataforma digitalen kontrol mekanismoak, ordenagailuak miatzea, komunera sarrerak-irteerak kontrolatzea edota politika egiteagatik zuzenean zigortzea". "Mekanismo horien ondorioz, ikasle langileon askatasun politikoa urratzen dute, miseriazko hezkuntza baten oinarriak inpunitate osoz inposatzeko", erantsi dute.

Ikasleen borrokak hainbat ikastetxetan

IAk, beraz, dei egin die Euskal Herriko ikasleei "inposizioen aurrean borroka egitera": "Ikasle langileon indar antolatu baten faltan, aipatutako miseriazko aldaketa horiek guztiak inposatzen jarraituko dute, ikasle langileok gero eta heziketa okerrago batera kondenatuz".

Horri lotuta, IAko kideek borrokari ekin diote hainbat ikastetxetan, hamaika inposiziori aurre egiteko; zehazki, Bilbon (Bizkaia), Buruntzaldean (Gipuzkoa), Durangaldean (Bizkaia), Gasteizen (Araba), Goierrin (Gipuzkoa), Iruñerrian (Nafarroa), Lea-Artibain (Bizkaia) eta Urola Erdian (Gipuzkoa). Ikasleak kontrolatzea ahalbidetzen duten ebaluazio-irizpideen kontra jo dute borrokara Buruntzaldean, Durangaldean eta Urola Erdian; doako garraio-zerbitzuaren alde ari dira borrokan Gasteizen; gehiegizko lan-kargari aurre egiteko eta doako ikas-materiala aldarrikatzeko ari dira lanean Bilbon; kontrol sozialaren kontra antolatu dira ikasleak Iruñerrian, eta askotariko neurri autoritarioen kontrako borrokak hasi dituzte Goierrin zein Lea-Artibain.

"Borroka eta dinamika bakoitza hezkuntza sistema sozialistaren norabidean kokatu behar dugu, langileriaren kontrolpeko hezkuntza sistema sozialistarik gabe, hezkuntza ez baita inoiz ikasleon formazio eta garapen askerako espazio izango, enpresarien eta politikarien interesen menpeko espazio gero eta baztertzaileagoa eta autoritariagoa baizik", aldarrikatu du dena den IAk, abiatutako borroka-kanpainari dagokionez.

EZ DAGO IRUZKINIK