2018-2019 ikasturtearen hasieran hasi zituen Sortu alderdiak Bilboko (Bizkaia) Erronda kalean ikasle antolakundeak daukan egoitzaren "aurkako erasoak". Idatzi baten bitartez, Ikasle Abertzaleakek salatu zuen Sortuk Euskal Ikasleen erakundearen zuzendaritza batzordea aldatu zuela, "ezkutuan". Izan ere, erregistroetan, aipatutako ikasle erakundearen izenean dago egoitza, eta "urteetan" Ikasle Abertzaleakeko ordezkariek osatu dute zuzendaritza. Urrian, baina, Sortuk erakundeko zuzendaritza batzordea osatzen zutenen izen-abizenak aldatu zituen, egoitzaren erabiltzaileen bizkarrera; hala, beste izen batzuk erregistratu eta egoitzaren jabetza bereganatu zuen.
Jabetzak eta erabilerak
Ikasle antolakundeak
jakinarazi duenez, zuzendaritza batzordearen ezkutuko aldaketarekin
batera, Sortuk Ikasle Abertzaleakeko militanteak ere mehatxatu
zituen: "Egoitza hustu eta epe batean bertatik alde egin ezean,
inongo erreparorik gabe egoitzatik botatzearekin mehatxatu gintuen".
Ikasturte honetan ere egoitza erabiltzen jarraitu du, baina, ikasle antolakundeak, "ikasle mugimenduarekin eta hezkuntzako beste hainbat eragilerekin batera". Hain zuzen ere, Ikasle Abertzaleakeko kideek "egoitzaren jabe legitimoak" direla azpimarratu dute argitaratutako oharrean. Izan ere, egoitza "lan politiko eta sindikala egiteko beharrezko azpiegitura" dela diote: Duela 30 urtetik, Ikasle Abertzaleak sortu zenetik, ikasturtero eman diogun erabilera eman diogu aurten ere egoitzari".
Pausoak eta erasoak
Dena den, erabilera hori "oztopatua" izan da iragan ikasturtean. "Sortuk estatu
espainiarraren aparatu juridikoak baliatuz egindako mugimendu eta
mehatxuak" salatu ditu ikasle antolakundeak, zuzendaritza
batzordearen aldaketa eta mehatxuak zirela eta. Oraingoan, Sortuk egoitzako atearen
sarraila aldatu duela salatu du IAk. Ekintza horrekin, Sortuk egoitza eta
bertako materiala "lapurtu" egin dizkiola azaldu dute. Gainera, IAko kideen ustez, ez da
kasualitatea "lapurreta hori" ikasturte akademikoaren amaieran
gertatu izana; izan ere, "ikasle mugimenduaren jarduna modu
nabarian jaisten da" urteko garai horretan.
"Lapurreta", ikasle
antolakundearen aurka ez ezik, ikasle mugimenduaren aurkakoa ere
badela salatu du Ikasle Abertzaleakek. Sorturen aurrekontuari dagozkion datu
publikoak agerian jarri nahi izan ditu, bestalde. Hain
zuzen, alderdiak 6 miloi euro dituela azpimarratu dute oharrean; "milioidun alderdia" da beraz, eta "ugariak dira bere
azpiegiturak": "Gurea bezalako egoitza batek ez dio etekin ekonomiko
eta logistiko handirik emango". Kontrara, Ikasle Abertzaleaken
jardunarentzat egoitza "ezinbestekoa" dela adierazi dute: "Militanteen borondatean oinarrituta jarduten duen
ikasle antolakundearentzat Bilboko egoitza behar-beharrezkoa da bere
lan politikoa egingo badu".
Lapurretaren helburua, beraz, "bere
kontrolpetik -Sorturenetik- ateratzen den ikasle antolakundea eta
orokorrean izaera politikoa duen herri mugimendua ekonomikoki
itotzea" dela azpimarratu du IAk. Erasoaren aurrean, urrian egin
bezala, egoitzaren defentsa "determinazio osoz" egiteko asmoa
azaldu du.
Irakurketa osoa irakurgai, hemen