AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: IKAS
2021/02/15 20:28

Martxoaren 25erako "borroka eguna" iragarri du IKAS plataformak astelehen honetan. Iruñean (Nafarroa) egindako prentsaurrekoan azaldu duenez, abenduaren 8an martxan jarritako dinamika "ez da tokian tokiko borrokekin bukatu"; kontrara, "borrokan" jarraituko dute ikasleek. Ondorioz, kaleak hartuko dituzte adierazitako egunean, "hezkuntzako egoera tamalgarria salatzeko eta eta autoritarismoa ahalbidetzen duen bitarteko oro deuseztatzeko".


Horrekin batera, Euskal Herriko ikasleria osoari "borrokara batzera eta mobilizazioetan parte hartzera" dei egin diote. Datozen asteetan manifestazioen ordutegien zein kokaleku zehatzen berri emango du IKASek, eta deialdi horiei "adi" egoteko eskatu du, beraz.


ALDARRIKAPEN ZEHATZAK


Aurreko aldietan azaldu bezala, hiru aldarrikapen nagusi mahaigaineratuko ditu plataformak martxoaren 25eko mobilizazioetan:


  1. Ikasleriak ikasketa prozesua kudeatzeko autonomia izatea.
  2. Ikasleria subjektu politiko gisa aitortua izatea, horrek dakarren guztiarekin: sindikatzeko eskubidea, hezkuntzaren gaineko erabakiak hartzea, eta abar.
  3. Kontrol sozialerako baliabide errepresibo oro bertan behera geratzea.


GEHIEGIKERIEN SALAKETA


Ikastetxeetan bizi duten egoera ere hizpide izan du IKASek: "ez da, inondik inora, Hezkuntza Ordezkaritzak eta zuzendaritza-taldeek mediatikoki islatu nahi izan dutena", argitu du. Hain zuzen, ezbaian jarri ditu "hezkuntzaren presentzialtasuna" nahiz "osasun-bermeen izenean harturiko neurrien ezarpena".


Izan ere, plataformako kideen iritziz, "COVID-19a aitzakiatzat erabili da ikastetxeetan modu arbitrarioan hartutako erabakiak eta jarrera despotikoak justifikatzeko". "Pandemiaren ondorio natural gisa" aurkeztu ohi diren neurri ugari "gehiegikeriak" direla ohartarazi du IKASek, eta "ikasleen aurkako tratu krudel eta inhumanoa areagotzeko" baliatu direla dio.


GARAIPEN LOKALAK


Bide batez, eskualdez eskualde martxan jarritako borroka prozesuei nahiz horien emaitzei erreparatu diete IKASeko kideek. "Oztopo eta zailtasunen aurrean, ikasle langileon batasunaren bidez gure borrokarako gaitasunak handitu ditugu", adierazi dute. "Autoritarismoaren zenbait adierazpen neutralizatzea" lortu dute ikastetxe ugaritan, azaldu dutenez.


Gasteizen (Araba), adibidez, zazpi ikastetxetan heldu zioten borrokari, eta guztietan lortu dituzte egindako eskakizunak betetzeko "bermeak". Iruñerrian, berriz, konfinatuta dauden ikasleen "ikas-baldintzak irizpidetzea" lortu dute, Eunate, Paz de Ziganda eta Mendillorri ikastetxeetako zuzendaritza-taldeekin negoziazio mahaiak osatu ostean. Aurretik, beste zenbait eskakizun ere betearazi zituzten bi hiriburuetako ikasleek, "kontrol sozialari" nahiz "antolakuntza politikorako bermeei" lotuta.


IKASTETXEETAKO ERREAKZIOA


Hala eta guztiz ere, dinamika honi heldu ziotenetik, heziguneetako "jarrera autoritarioak areagotu baino ez dira egin", IKASen esanetan. Horrek "ikastetxeeetako zuzendaritza-taldeek zein erabaki organoetako kideek autoritarismoaren auziarekin bukatzeko duten konpromiso eta interes eza" erakusten duela azpimarratu dute ikasleek.


"Berriz ere, autoritarismoak hezkuntza prozesuan betetzen duen ezinbesteko papera agerian geratu da", seinalatu dute. Gauzak horrela, eta aurrerapausoak aurrerapauso, zutik da IKASek hasitako lanketa: "bide luzea dugu oraindik autoritarismoarekin amaitzeko", ondorioztatu dute kideek.