AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: IKAS
2021/02/02 10:06

IKAS plataformaren Ikasle langileon batasunaz, autoritarismoari kaña! kanpainaren bidez, ikasleek hainbat garaipen eskuratu dituzte Iruñerriko (Nafarroa) zein Gasteizko (Araba) zenbait ikastetxetan. Borroka-prozesuek "autoritarismoak ikastetxeetan hartzen duen forma" izan dute jomugan, hala nola, "kontrol soziala", "infantilizazioa" zein "askatasun politikoen urraketa".


Zentro horietako ikasleen artean inkestak luzatu zituen IKASek, eta bertako emaitzei erreparatuz, tokian tokiko problematika zehatzak identifikatzen nahiz salatzen aritu zen. Azkenik, elkarrizketa-mahaiak osatu eta ikasle plataformak egindako eskakizunak onartu dituzte zuzendaritza-taldeek.


GASTEIZ


Arabar hiriburuari dagokionez, Unamunon, Los Herranen eta Ikasbidean izan dute garapena IKASek abiatutako borrokek. Unamunoko ikasleriak, esaterako, "Classroom plataformaren erabilera desegokia" salatu zuen. Izan ere, euskarri digitalak lanak egun osoan zehar bidaltzeko aukera ematen zien irakasleei, "arratsaldeko 20:00etarako edo gaueko 00:00etarako epemugekin". Ikasleek "kontrol mekanismotzat" jo zuten prozedura hori, eta hasiera batean zuzendaritzaren "jarrera autoritarioa" jasan bazuten ere, epemugak adostea onartu zuen gero, "argudioen zentzua eta ikasleen batasuna ikusita".


Los Herranen eta Ikasbidean, berriz, "bilerak, asanbladak edota hitzaldiak egiteko espazioen falta" nabarmendu zuten ikasleek. Ondorioz, "gelen eta aretoen erabilpenaren alde borrokatzea" erabaki zuten, baita borroka hori irabazi ere. Bi zuzendaritza-taldeek onartu dituzte autodefentsa sareen aldarrikapenak, eta espazioak erabiltzea baimendu diete.


IRUÑERRIA


Iruñerriko IKASek "faltengatik edo berandu iristeagatik zuzenean gurasoei deitzea" ahalbidetuko lukeen neurria gelditu du Eunate BHI institutuan. Abiatutako salaketa kanpaina eta ikasleriaren antolakuntza bitarteko, otsailaren 1ean indarrean sartzekoa zen araua bertan behera geratu da, "ikasleen iritzia kontuan hartuz", plataformaren esanetan.


Ibilbidea ez dute agortutzat jo, ordea; kontrara, ikasleei "euren interesen alde antolatzen eta borrokatzen jarraitzea" dagokiela ondorioztatu dute autodefentsa sareen plataforma nazionala osatzen duten kideek.