AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/09/29 14:01

Frantziako Estatuko Osasun Sailak murriztu egin du erietxeetan hartu eta artatu daitekeen jende kopurua, zuzenean, osasun-zentroetan milaka ohe kenduta. Iaz, 2021ean, pazienteei osasun-arreta osoa eskaintzeko 4.300 ohe inguru erretiratu zituzten. Horren ordez, ospitaleratze partzialerako 2.700 ohe jarri zituzten. Iazko abenduaren 31n, ospitaleratze osorako 382.587 ohe zeuden Frantziako Estatuan, esan bezala, 2020. urte amaieran baino 4.316 gutxiago.

Azken bost urteetan murriztutako osasun-baliabide kopurua puzten jarraitzen du horrek: Emmanuel Macron buru duen gobernuaren aurreneko agintaldia hasi zenetik, 2016tik, 21.000 ohe baino gehiago kendu dituzte Frantziako Estatuko ospitaleetan. Iazko urte amaierara arteko kalkuluak dira horiek; beraz, ez dira aurtengo datuak kontuan hartzen. Gizarte Ministerioetako Estatistika Zuzendaritzaren (DREES) arabera, osasun-langile faltak ere eragin du ohe gutxiago eskaini ahal izatea.

Aurreko bi agintaldietan ere nabarmenak izan ziren erietxeetako ohe kopuruan izandako murrizketak. François Hollande buru izan zuen gobernuak 10.000 ohe erretiratu zituen, eta Nicolas Sarcozyk gidatutakoak, berriz, 37.000.

Arreta osoa eskaintzeko ospitaleratzeen ordez, bestelako artatze-modu batzuk ari dira indartzen; esaterako, egun bateko ospitaleratzeak —formatu horretako 2.743 plaza sortu zituzten iaz, eta, guztira, 9.000 azken bost urteetan— zein etxeko ospitaleratzeak —mota horretako %6,8 ospitaleratze izan ziren iaz, eta %10 gehiago 2020an—.

EZ DAGO IRUZKINIK