AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/28 11:29

Iruñerrian elkartu dira gaur Ikasle Abertzaleakeko 500 bat militante eta 200 militante ohi inguru, VIII. Kongresuari amaiera emateko. Ikasle-antolakunde historikoa duela 37 urte jaio zen Iruñerrian bertan, 1988ko azaroaren 17an hain zuzen ere, eta urteurrena izan berri denean, toki horretan eman diote bukaera azken kongresu-prozesuari. Oraingoan, antolakundeak VII. Kongresuan (2019) Errainu ponentziaren eskutik hartutako estrategia komunistaren bidea berretsi dute ehunka militantek: Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren baitan aritzea eta antolakundearen izena eguneratzea erabaki dute, erabateko adostasunez. "Gaurkoa ez da soilik kongresu baten itxiera, etapa berri baten irekitzea ere bada".

Hemendik aurrera, Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS) gisa jarraituko dute lanean. Izen berri horrekin, batetik, bere "izaera sozialista-iraultzailea nabarmendu" nahi izan dute kideek; eta bestetik, azpimarratu nahi izan dute bere jardunerako eremua Euskal Herria dela, "zeinetan nazio-zapalkuntzari aurre egitea eta hura deuseztatzea lehentasunezkoa den oraindik ere".

"Guretzat aurrerapauso bat da VIII. Kongresu hau, izan ere, aurreko belaunaldien lekukoa hartu eta beraien ibilbideak utzitako irakaspenetatik proposamen estrategiko eta organizatiboa gaurkotu eta garatu dugu", azaldu dute IASeko kideek: "Eztabaidaz eta formakuntzaz betetako hilabete luzeen ondoren, prest gaude prozesu sozialistan beste urrats bat emateko, VII. Kongresuan ehunka militantek egin bezala, orain gure eginkizuna baita aurrera egitea".

Proposamen estrategikoa gaurkotu: hezkuntza-sistema sozialista

"Ikasle langileoi bide-orri iraultzaile bat proposatuz", jardun politikorako oinarriak sakondu dituzte kongresu-prozesuan, "langileok jasaten dugun zapalkuntzatik askatzera eta gure interesetara egongo den hezkuntza-sistema sozialistara" bidean lan egiteko. Izan ere, azpimarratu dute helburutzat dutela IAS "ikasle langileon interesak babestuko dituen ikasle-antolakundea" izatea, eta horri lotuta, "hezkuntza-sistema sozialistaren aldeko hautua" egin dute "helburu estrategiko bezala".

Gaur egungo testuinguruari dagokionez, horra egokitutako lan estrategikoa zehaztu nahi izan baitute, IASek ohartarazi du "proletarizazio-prozesu batean murgildurik" dagoela ikasleria langilea, "gogor kolpatzen gaituen pobretze-prozesu batean" alegia. Horrela, "geure belaunaldiaren bizi- eta ikas-baldintzak gero eta okerragoak" direla diote, eta "espektatibak are ilunagoak". Eta gaineratu dute: "Ikasle langilea da, beste behin ere, hezkuntza-sistemak bazter uzten duena. Ikasle langilea hutsaren hurrengoa da gizarte kapitalistarentzat. Guk, horregatik, ikasle langileok altxatzearen, antolatzearen eta borrokatzearen alde egiten dugu [...] Horretan jardun dugu gure ibilbideko 37 urteetan, eta horretan jarraituko dugu hemendik aurrera ere".

Antolakundeko kideek uste dute "borrokak bere fruituak ematen dituela" erakusten dutela euren eguneroko lanarekin, eta horren hainbat adibide ekarri dituzte gogora, azken hamarkadetan atzera eginda: "Gogoan ditugu Orixeko eta Eunateko borrokak, gogoan ere pandemia garaiko autoritarismoaren aurkako dinamikak, eta, ezagutu ez genituen arren, inspirazio-iturri dira euskararen aldeko nahiz Bolonia Prozesuaren aurkako mobilizazio eta ekimen guztiak". Gaur egungo jardunera etorrita, IASeko kideek diote haiek ere ez direla "atzean gelditu", eta "milaka ikasle antolatzen eta mobilizatzen jarraitzen" dutela; "Israelen aurkako borrokan, matxismoaren aurkako borrokan edo ikasle langileon eskubideen aldeko borroketan".

Ikuspegi sozialista ikastetxeetan garatzeko eginkizuna

Antolakundeak "ikuspegi sozialista ikastetxe guztietara eramateko ardura" hartu du bere gain; "ikasle langileak batzekoa eta sozialismoaren norabidean antolatzekoa", alegia. Horrekin batera, "Euskal Herriko langileriaren borroka historikoa berretsi" eta aldarrikatu du, "autodeterminazioa eta Euskal Estatu Sozialista" erreibindikatzearekin batera.

Bestalde, IAko kideek jakinarazi dute "faxismoaren aurkako eragile aktiboa" izatea ere bilatzen dutela. Konpromisoa hartu dute, hain justu, "ikasleen artean arrazakeriaren aurkako mezuak, matxismoaren aurkakoak eta, oro har, faxismoaren aurkako kontzientzia hedatzeko"; "lan eta antolakuntza guztia sozialismoaren norabidean proiektatuz". Izan ere, gogoan dute "sozialismoaren eta hezkuntza-sistema sozialistaren aldeko bidea" dela "ikasleon artean hegemoniko bilakatu" nahi dutena, "kapitalismoarekin amaitu eta gizarte aske baten eraikuntzarako bidean".

EZ DAGO IRUZKINIK