AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: IA
2021/05/12 20:40

Asteazken honetan, maiatzaren 12an, selektibitatearen aurkako mobilizazio ziklo bat iragarri du Ikasle Abertzaleakek. Ikasturtea amaitzear denez, "milaka ikaslek berriz ere aurre egin beharko diote selektibitateari, unibertsitatera sartzeko probari zein Baxoari". Halaber, ikasleek elkarretaratzeak eginen dituzte Euskal Herriko hainbat campusetan, Selektibitateari ez! lelo hartuta.

Ekainaren 2an Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegi plazan elkartuko dira ikasleak, 11:15ean. Beste lau deialdi egin ditu IAk ekainaren 8rako, dena den; Leioan (Bizkaia), Gasteizen (Araba), Eibarren (Gipuzkoa) eta Donostian (Gipuzkoa). 11:30ean hasiko dira protesta guztiak; Mikel Laboa plazan, Elurretan, Ingeniaritza eskolan eta Aulariopean, hurrenez hurren.

Klase izaera

Iaz egin zuen moduan, unibertsitaterako hautaprobek "kutsu klasista nabarmena" dutela salatu du IAk. Oraingoan, gainera, "COVID-19ak areagotutako krisi testuinguruan" bizi dute selektibitatea ikasleek.

Testuinguru horretan, "hezkuntzaren kalitatearen beherakada", "ikas-baldintzen okerragotzea" eta "familia proletarizatuenen zailtasunen areagotzea" nabarmendu ditu IAk, eta horrek guztiak ikasleen ebaluazioan eta hautaprobetako emaitzetan "eragin zuzena" izan dezakeela uste du. "Hezkuntzaren klase izaera inoiz baino agerikoagoa" dela diote IAko kideek, "eta langile klasea ari da horren ondorioak pairatzen", azpimarratu dutenez.

Iragazki soziala

Ikasketa prozesu osoa ebaluatzea helburu duten azterketetan, "helburuek eta edukiak baino, formak hartzen du garrantzia", IAren hitzetan. Horrekin, "ikasle eredu konkretu batek baino ez du egiten aurrera ikasketa prozesuan", eta gainontzekoak, aldiz, "bidean" geratzen dira, azaldu dutenez. IAk salatu du hori ez dela "hezkuntzako auzi isolatua", ikasketa-mailak etorkizuneko aukerak "erabat" baldintzatzen dituela iritzi baitio.

Lehiakortasuna

Bestalde, gizarte kapitalistako hezkuntza prozesuaren ezaugarritzat jotzen dituzten "lehiakortasuna eta indibidualismoa" ere gaitzetsi dituzte IAko militanteek. Probak oinarri horiek "indartu" egiten dituela uste dute, "elkartasun eta batasun printzipioak baliogabetzen dituen bitartean".

Horrek, zehazki, ikasle langileen antolakuntza neutralizatzeko xedeari "ekarpena" egiten diola ondorioztatu du IAk. Areago, ikasleengan duen eraginak "presioa eta urduritasuna" indartzen dituela ere adierazi du.

Hezkuntzaren kontrola

Dena den, selektibitatetik edo horren deuseztapen hipotetikotik kanpo kokatzen du IAk auzia; "hezkuntzaren gaineko langile kontrolean ala kontrol burgesean", hain zuzen ere. Izatez, hautaproba hori "hezkuntza burgesaren beste erreminta bat baino ez dela" gogora ekarri du, beraz. Gauzak horrela, "hezkuntzaren gaineko langile kontrolaren ezarpena" bultzatzea dagokiola berretsi du IAko kidegoak, eta horretara datoz ekaineko elkarretaratzeak, "bide horretan ekarpena egite aldera".

EZ DAGO IRUZKINIK