"Kufiya lepoan horra zein gazte doan, Wafa! Wafa! Wafa! Wafa! sua bihotz ondoan", kantatu zuen ostiral gauean Joseba Tapiak. Palestinar erresistentziako militantea izan zen Wafa Idrisen memoria ohoratzen zuen kantuaren hitzek hartu zuten Elizondoko gune nagusia. Jendetza aurrean, aho batez entzun ziren kanta ezagunaren doinuak; batzuk kantari, beste batzuk adi, baina denak Palestinari begira.
Gauak hotza utzi zuen Elizondon; kanpin-dendak estali zituen ihintzak. Eguna argitzearekin batera, tantaz tanta hustu zen kanpalekua. Bigarren eguna martxan zen Gazte Topagune Sozialistan, eta gazteak han-hemenka zebiltzan, lo faltak aurpegietan utzitako arrastoekin. Gorputzak atseden eske baziren ere, Gazte Topagune Sozialista hasi besterik ez zen egin.
Ostiral iluntzeko plaza bera nuen bart parean, baina eszena bestelakoa zen. Ez zegoen musikaren erritmorik, ezta gaueko zalapartarik ere. Aulkiak ilara luzeetan jarrita, ia ez nuen hutsunerik ikusten; gazteak elkarren ondoan eserita zeuden: batzuk koadernoa eskuetan, beste batzuk albokoarekin hizketan; gehienek, ordea, begiak oholtzan iltzatuta, hizlarien ideiei eta hausnarketei ihes egiten utzi nahi ez baliete bezala. Ostiral iluntzeko doinuek hitzak hartu zituzten atzo, eta hitzek, berriz, plaza.
Hitzek bazuten zer kontatua: azken egunotan plano mediatikoaren lehen lerroan egondako auziak izan zituzten hizketagai. Etxebizitzaren problematikaz eta sozialismoak etxebizitzaren arazoaren gaindipenera bidean eskaintzen dituen aukerez aritu ziren. Hamaika txokotan harrabotsa sortu duen Maricarmen auziari ere erreparatu zioten, azaroaren 11rako deitutako greba orokorraren inguruan gogoeta eginda.
Etxebizitzaren problematikaz ez ezik, prostituzioaz eta sexualizazioaren aurpegi berriez, krisi ekologikoaz, taktika antifaxistaz eta nazio auziaz ere jardun zuten.
Aulkiak pixkanaka husten hasi zirenean hartu zuen plazak arnasa, baina ez zen geldialdi luzerik izan. Egunak ez zuen pausarik hartu, eta jendetza bildu zen ondorengo ekitaldietan ere: nola kirol ekitaldietan, hala kultur ekimenetan, goraino bete ziren plazak, giro biziaren erakusgarri.
Elkartasunak ere izan zuen tarterik. Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietako teknikarien grebarekin bat eginda, gune bateko kontzertuak bertan behera utzi zituzten, eta indar militantearen bidez aurrera ateratako egitarauak soilik egin zuen aurrera.
Bigarren egunak, hala, agerian utzi zuen Gazte Topagune Sozialista antolatzeak dakarren lana. Borondatezkoa eta erabat desinteresatua.
Elizondok ez du etenik; ezta borrokak ere.