AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/29 07:53

Ikasle mugimenduak urte luzez antolatu izan du Herri Unibertsitatea, Hego Euskal Herriko hamaika campusetan eta fakultatetan. Hausnarketa, eztabaida eta formakuntza politikoa ditu oinarri ekimenak, eta atzo eman zioten hasiera aurtengo edizioari, Gasteizko (Araba) campusean. Goizean goiz ekin zieten urte honetarako prestatutako hitzaldiei: egun osoan zehar egindako saioetan, ikasleek aztergai izan zituzten Palestinako sarraskia, auzi ekologikoa, unibertsitatearen bilakaera, alderdiaren kontzeptu boltxebikea, emakumeen auzia edota artearen historia.

Beste hainbat aldiz gertatu den bezala, aurten ere Herri Unibertsitatea egin ahal izateko oztopo ugari jarri ditu Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV). Esaterako, ukatu egin die ikasleei gaua, ohi bezala, campusean igaro ahal izatea. Zailtasunak zailtasun, bi eguneko egitarau bat antolatu eta hura aurrera ateratzen saiatu dira ikasleak. Ikasle Abertzaleak antolakundeak atzo iluntzean jakinarazi zuen Gasteizko Letren Fakultatean itxi zirela gazteak, Herri Unibertsitateari jarraipena eman ahal izateko. Gaur goizerako (bigarren eguna izango litzatekeena), hitzaldi gehiago eta unibertsitatearen doakotasunaren aldeko manifestazio bat zituzten deituta.

"EHUk Herri Unibertsitateko egitaraua antolatzeko jarri dizkigun trabak salatu nahi ditugu", azaldu zuten IAko kideek itxialdiaren berri ematean. Horrekin batera, "ikasle langileok modu independentean politika egiteko espazioen eta Herri Unibertsitatea bezalako ekimenen beharra" azpimarratu zuten. Seinalatu zuten, gainera, Poliziak zenbait ordu zeramatzala jada Gasteizko campusean, Herri Unibertsitatea zela-eta.

Campus poliziala

Gaua fakultatean egiteko asmoz, bertan elkartu eta afaldu zuten ikasleek, kanpoaldean gero eta ertzain gehiago pilatzen ari ziren bitartean. Campuseko segurtasun-agenteek 21:15ak aldera esan zieten ikasleei emanda zegoela jada fakultatea husteko agindua. Dena den, Herri Unibertsitatearekin segitzeko determinazioz, bertan jarraitu zuten gazteek. Presioa egin zioten EHUko errektoreordetzari, EHUko hainbat langilerekin batera, Herri Unibertsitatearen hustea ez zen beste agertokiren bat ahalbidetzeko. Errektoreordetzak, baina, hitz egiteko bide guztiak zarratu zituen: ez zuen desalojoa ez zen beste aukerarik mahaigaineratu.

Ertzaintzak, beraz, Herri Unibertsitatea husteari ekin zion 21:30ak pasatxo zirenean. Fakultate kanpoaldean ikasleei babesa emateko bildu ziren pertsonak sarreratik urrutiratu zituzten ertzainek, polizia-lerro bat osatuta eta eremua itxita. Bestalde, fakultatera sartzen hasi ziren poliziak, desalojorako tokia prestatzeko: ikasleek gaua igarotzeko eramandako materiala eraman zuten, sarrera soildu zuten, eta abar.

Beste behin ere, irudi ikusgarriak izan ziren EHUn: sekulako polizia-dispositiboa bertaratu zen Letren Fakultatera, Herri Unibertsitatea desegiteko. Fakultatearen alde batean pilatu ziren ikasleak, elkarri eutsita eta lurrean eserita. Ertzainak etenik gabe barrura sartu ahala, ozen entzun ziren gazteen oihuak; "EHU campus poliziala", "indar polizialak campusetik kanpora", eta abar. Kanpoaldetik ere entzuten ziren jendearen babes-oihuak.

Desalojoa, eta hura ezkutatzeko nahia

Lehenik eta behin, ikasleek osatutako blokea inguratu zuten ertzainek. Horiexek dira, hain zuzen ere, GEDAR LANGILE KAZETAk grabatu ahal izan zituen azken irudiak: izan ere, horren ondoren, fakultatean gertatzen ari zena grabatzen eta horren berri ematen ari ziren pertsona guztiak indarrez kanporatu zituen Ertzaintzak, GEDAR LANGILE KAZETAko kazetariak barne. Ertzainen furgoien kontra atxikirik izan zituzten, goitik behera miatu zituzten eta hainbat identifikatu zituzten.

Behin itzalpeko desalojo bat gauzatu ahal izateko neurriak hartuta, ikasleen blokearen kontra jo zuen Poliziak: modu bortitzean, kolpeka eta arrastaka kanporatu zituen fakultatetik. Indarrez atera zituzten campusetik, EHUren ekimenez, Herri Unibertsitatea deseginda.

Ikasleei kanpoaldean babesa ematen ari zen pertsona bat ere zauritu zuen Ertzaintzak: polizia-lerroa jarrita zegoen eremuan, borra batekin jo zuen gaztea ertzain batek, eta burua ireki zion.

Ez da aurreneko aldia

Bart gertatutakoa eta, orokorrean, "EHUren izaera poliziala" salatzeko, ikasleek bertan behera utzi dute Herri Unibertsitatearen gaurko egitaraua. Horren ordez, mobilizazio-deialdi berri bat egin dute, Polizia unibertsitatetik kanpora. EHU errudun lelopean. Jasandako errepresioa eta EHUren erantzukizun zuzena seinalatzeko, manifestazio bat egingo dute gaur eguerdian, Gasteizko campusean bertan. 13:00etan hasiko da mobilizazioa, Elurretatik.

Atzokoak irudi izugarriak izan arren, honakoa ez da EHUk, Ertzaintzaren eskutik, Herri Unibertsitatea husten eta blokeatzen duen lehen aldia. 2016ko martxoan, Bilboko (Bizkaia) San Mamesen dagoen Ingeniaritza Eskolan sartu zen Ertzaintza, Herri Unibertsitatean ziren ikasleak indarrez kanporatzeko. Mozal Legea ezarrita, 25.000 eurotik gorako isunak jaso zituzten gazteek. Urtebete beranduago, 2017ko otsailean, 200 pertsona baino gehiago elkartu ziren eskola berdinean, Herri Unibertsitatearen edizio indartsu batean. Beste desalojo baten mehatxua jaso zutenean, gogor eutsi eta eskolako teilatura igo ziren gazteak, hustea ekiditeko. Sekulako polizia-dispositiboa izan zen San Mamesen, eta ikasleak irtenarazi eta den-denak identifikatu zituen Ertzaintzak.

GEDAR LANGILE KAZETAren Arteka hilabetekariko Errepresioa hezkuntza esparruan: azken urteetako kronika erreportajean azaltzen dira gertakari horiek guztiak.

EZ DAGO IRUZKINIK