AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/28 13:51

Hasi da 2024. urteko Herri Unibertsitatea. Duela hiru urte bezala, oraingoan Gasteizko (Araba) campusa hartu du ikasleen urteroko hitzorduak. Bi egunez izango da Herri Unibertsitatea, campuseko hainbat fakultatetan eta gunetan. Gaur, goizean goiz eman diote hasiera edizio berriari: 09:00etan izan da harrera informazio-puntuan, eta 10:00ak aldera ekin diete lehen hitzaldiei.

Hilabete honetan aurkeztutako egitarauari zenbait aldaketa egin behar izan dizkiotenez, azkenean, bi hitzaldi egin dituzte eguneko aurreneko sortan. Batetik, auzi ekologikoa lantzeko hitzaldi bat (Klima aldaketa eta lurraren txikizioa. Auzi ekologikoa aztergai) egin dute Farmazia Fakultatean, eta, bestetik, Palestinako genozidioaren eta nazioarteko egoera geopolitikoaren inguruko bat (Palestinako sarraskitik mundu mailako egoera geopolitikora) eskaini dute Letren Fakultatean.

12:00etan hasi da bigarren hitzaldi-sorta, bi saiorekin orduan ere. Unibertsitatearen bilakaerari buruzko hitzaldi bat (Unibertsitatea datozen urteetan. Analisi bat) egin dute Letren Fakultatean, eta alderdiari buruzko ulerkera politikoaz aritu dira Farmazia Fakultatean, Alderdiaren kontzeptu boltxebikea eta bere eguneraketarako gakoak saioaren bidez. Bazkaltzeko tarte bat izango da hitzaldi horien ondotik, campuseko Pabiloian.

Arratsaldean eta bihar, hitzaldi gehiago

Bazkaldu eta indarrak hartu ostean, eguneko azken hiru hitzaldiak izango dira Gasteizen, 17:00etan hasita. Zergatik berreraiki emakume frontea? hitzaldia eskainiko dute Letren Fakultatean; Ezker Abertzalea eta LAIA aztergai Farmazia Fakultatean, eta Artearen historiaren hari gorria Elurretan.

Bihar ere jarraituko du Herri Unibertsitateak campus berdinean. Hitzaldi nagusi bat izango da 11:00etan, Ingeniaritzan: Gobernu ziklo berria, balorazio orokorra. Horren ondoren, manifestazio batekin itxiko dute edizioa: unibertsitatearen doakotasunaren alde eta eskubide politikoen defentsan mobilizatuko dira ikasleak. 13:00etan hasiko da manifestazioa, Elurretatik.

EZ DAGO IRUZKINIK