Bere horretan jarraitzen du Hernanin (Gipuzkoa) Mugimendu Sozialistari jarritako beto politikoak. Ezker Abertzalearen eta Mugimendu Feministaren ekimenez, Txosna Batzordeak debekatu egin die Mugimendu Sozialistako antolakundeei San Joan jaietan txosnak jartzea, eta jarrera hori babestu du EH Bildu buru duen Hernaniko Udalak: ez dio alternatibarik eskaini Mugimendu Sozialistari, eta ez du bermatu Mugimendu Sozialistako taldeek ere, gainontzeko eragileen modura, txosnak jarri ahal izatea.
Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistako kideak udaletxera sartu ziren aurreko ostiralean, alkatearekin hitz egiteko asmoz. Bera, baina, telefonoz jarri zen haiekin harremanetan, eta ordura arteko jarrera berdinarekin: Txosna Batzordearen gain jarri zituen eskumen eta zilegitasun osoa, txosnei lotutako erabaki guztiak har ditzan.
Gaur goizean ere udaletxera sartu dira Kontseilu Sozialistako hainbat kide, eta egun osoko itxialdia egin dute han. Azaldu dutenez, helburu argi batekin jo dute berriz udaletxera: "konponbide bat lortzea". Alkateari exijitu diote bere gain har dezala Hernaniko espazio publikoaren gain duen ardura eta Mugimendu Sozialistari ezarri dioten beto politikoa indargabetu dezatela, gainontzeko mugimendu eta eragile guztiekin egiten den modura, txosna jartzeko duen eskubidea bermatuta.
Hainbat pertsona bertaratu dira udaletxe aurrera, itxialdia egiten ari ziren kideei babesa emateko. Ugariak izan dira beto politikoaren aurkako oihuak.
Alkatearen erantzuna, ordea, ostiraleko berdina izan da: ez da Kontseilu Sozialistako kideekin aurrez aurre biltzeko prest agertu, eta telefonoz baino ez du haiekin hitz egin nahi izan. Aurreko aldietan bezala, gainera, ez du inolako "aterabiderik" eskaini Mugimendu Sozialistak txosna jartzeko duen eskubidea bermatuta egon dadin, Kontseilu Sozialistak salatu duenez.
Blokeo egoera hori ikusita, gauean atera dira udaletxetik Kontseilu Sozialistako kideak. Hiru egun barru hasiko dira San Joan festak, eta berretsi egin dute azken asteetan egindako aldarrikapena: Mugimendu Sozialistako antolakundeek ere badutela txosna jartzeko eskubide osoa.
Egunaren hasieran aipatu bezala gure helburua argia zen: konponbide bat lortzea. Ezinezkoa ikusi ondoren, ateratzea erabaki dugu.
— Kontseilu Sozialista Buruntzaldea (@Kontseilua_Bur) June 20, 2022
Argi ikusi da, berriro ere, egoera honi aterabide bat emateko borondate eza duela Udalak.
Hala ere, txosna jartzeko eskubidean mantentzen gara. pic.twitter.com/sHJYlm3FTO
Udalaren erantzuna
Hernaniko Udalak, bere aldetik, adierazpen labur bat egin du sare sozialen bidez. Modu horretan "berretsi" ditu orain arte "txosnen inguruan hartu diren erabakiak". "Txosnagunearen antolaketaren ardura Txosna Batzordearena dela" esan du berriz, eta ez duela "aurreikusten" batzordearen kontrolpean dagoen txosnagunetik kanpo "txosna espazio berririk sortzea". "Udalaren ardura, beraz, herritarrek eta herrira etorritakoek jaiez gozatzeko bermeak jartzea da eta horretan buru-belarri lanean jarraituko duela adierazten du", gaineratu du.
Beto politikoak nonahi
Ugariak dira azkenaldian Mugimendu Sozialistako antolakundeei Euskal Herrian jartzen ari diren beto politikoak. Hernaniko kasuaz gain, besteak beste, Gasteizen (Araba), Lazkaon (Gipuzkoa), Lesakan (Nafarroa) edota Deustun (Bilbo, Bizkaia) ukatu diote Mugimendu Sozialistari txosnak jartzeko eskubidea.
Hernaniko udaletxean itxialdian jarraitzen dute @Kontseilua_Bur|eko hainbat kidek, Mugimendu Sozialistari ezarritako beto politikoa bertan behera utz dezatela exijitzeko
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) June 20, 2022
Alkatea ere udaletxean da, baina oraingoz telefonoz baino ez da haiekin harremanetan jarri pic.twitter.com/uUhfr249Di