AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/20 11:15

Hernanin (Gipuzkoa) indarrean jarraitzen du Mugimendu Sozialistari txosnagunean ezarritako beto politikoak. Mugimendu Sozialistako antolakundeek debekatuta daukate San Joan festetan txosnak jartzea, Mugimendu Feministak eta Ezker Abertzaleak sustatuta, debeku hori jarri baitzaie Hernaniko Txosna Batzordean. Mugimendu Sozialistak Hernaniko Udalarengana jo duenetan, gainera, eskuak garbitu ditu hark: EH Bildu buru duen udalak ez dio inolako alternatibarik eskaini. Uko egin dio, esaterako, txosnak ohiko txosnagunetik kanpo jartzeko Mugimendu Sozialistak egindako proposamenari.

Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistako kideak joan den ostiral goizean sartu ziren udaletxera, ulertuta udala dela "Txosna Batzordearen azken erantzulea". Alkatearekin hitz egitea zen beren asmoa, "soluzioa bere eskuetan" baitago: bera da "espazio publikoa arautzeaz eta bere erabilera bermatzeaz arduratzen dena, azken buruan".

Alkateak, baina, "egun osoan zehar" ekidin zuen "erantzun bat ematea". Arratsaldean telefonoz hots egin zien, eta orain arteko "logika berekoa" izan zen erantzuna. "Udalak Txosna Batzordeari ematen dizkio zilegitasuna eta eskumena festen harirako edozein erabaki hartzeko, eta erabaki horiek herritarrak festetatik eta beren parte-hartzetik kanpo uzten badituzte, hor konpon", azaldu zuen Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak: "Ulertzen dugu udalak Txosna Batzordearen erabakia eskuak garbitzeko erabiltzen duela, beita berak honetan guztian izan beharreko ardurak bere gain ez hartzeko ere".

Ikusi hemen Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak ostiralean gertatutakoa azaltzeko argitaratutako bideoa

Hala, gaur, ekainaren 20an, berriro sartu dira udaletxera Kontseilu Sozialistako hainbat kide. "Azken hilabeteetan txosnaren auziari irtenbide bat ematen saiatu ondoren, eta ezezkoak jasota, besterik ez zaigu geratu", esan dute: "Hemen geratuko gara irtenbide bat izan arte".

EZ DAGO IRUZKINIK